Lehen trenaren igarobidea zena, bizikleten eta oinezkoen pasabide izango da etorkizunean. Durangoko Udalak bidegorria egingo du garai bateko trenbidearen eremuan. Trenbide kaletik Abadiñoko mugara arte dauden 905 metroak egokituko dituzte bizikletentzako bidegorria, oinezkoentzako hainbat eremu eta inguruko berdeguneak handituta. Plateruena Kultur Aterpearen atzeko metalezko zubia ere, Mañaria errekaren gainean eraikia dagoena, oinezkoentzako pasabide izatea gura dute. Horretarako, Udalak beharrezko baimenak eskatu dizkio URA agentziari. Proiektuak aurreikusten duen beste atal bat trenaren garai bateko katenaria mantentzea da. Burdinazko zutabeok argiztapen elementu bihurtuko dituzte. Eta Landako Gunearen parean aisialdiari begirako beste jarduera bat egitea ere aurreikusi dute. Bertan anfiteatro bat atontzea gura du Udalak. Lan horiek guztiak egin ahal izateko, Durangoko Udalak 950.000 euroko inbertsioa egingo du. Kopuru horretatik 200.000 euro 2022an bozkaturiko aurrekontu parte hartzaileetatik txertatuko dira.
Proiektu hau Euskal Trenbide Sareak trenaren trazadura Udalari utzi ostean etorri da. Udalak oraingoz ez du lanak noiz hasiko dituen aurreikusi. URA agentziak baimena noiz eman itxaroten dabil lanei ekiteko. "Hainbeste urteren ondoren, trenbidearen ‘orbaina’ ixtetik oso gertu gaude, gaur egun ere Durango bitan zatitzen jarraitzen baitu", esan dute udal agintariek. "“Durangarrei hitza eman genien bezala, lurrazaletik dihoan ‘orbain’ hori desagertzeko lanean jarraituko dugu. Proiektua badugu eta aurtengo Aurrekontuetan partida onartuta daukagu, beraz behin ETSk lehen urratsa eman duenean, orain Eusko Jaurlaritzak prozesua baimentzea besterik ez da geratzen", gaineratu dute.