Trenaren trazadura Durangoko Udalari uztea onartu du Euskal Trenbide Sareak

Anboto 2023ko mar. 2a, 12:59

Durangoko Udalaren berbetan, Euskal Trenbide Sareak (ETS) trazadura hori beharrezkoa ez dela dioen dokumentua "onartu" du, eta "doan" utziko die herriko agintariei. Alde bien arteko adostasun hori PERIaren inguruko aurreakordioa garatzeko "lehen urratsa" dela dio Udalak. EAJk, berriz, akordio horrek "segurtasun juridikorik" ez duela dio.

Durangoko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, "Euskal Trenbide Sareak trenaren trazatu zaharraren beharrezintasuna onartu du". Horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den organoak  "doan" utziko dio garai bateko trenbidearen trazatua Durangoko Udalari. Adostasun hau Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraio Sailak 2021ean adostu zuten aurreakordioaren zati da. Hori dela eta, Udalak dio honako hau "lehen urratsa" dela PERIaren inguruko "aurreakordioa garatzeko". Gobernu taldeak berretsi egin du indarrean dagoen PERIa, aurreko urteetatik hona indarrean dagoena, atzean uzteko aukera: "18 pisuko bost dorreak ahazteko", "Babes Ofizialeko 240 Etxebizitza garatzeko" eta udalaren jabetzakoak diren eraikin historiko bi "erabilera sozialerako" eraldatzearen alde egin dute ostera ere.

Bide berdea

Udalak berreskuratuko dituen zatiak Durangoko erdigunetik Abadiñoko lurretara arte doan trazatua, eta erdigunetik Iurreta aldera egiten duen tartea dira. Horietan, trenbidea igarotzen zen lekuan, bide berdea egitea aurreikusi du Durangoko Udalak. Berreskuratze lanak hiru fasetan egitea aurreikusi dute, eta, orotara 950.000 euroko inbertsioa egingo dutela iragarri dute. Kopuru horietatik 200.000 2022ko aurrekontu parte hartzaileetatik hartuko dituzte, durangarrek gehien bozkatu zuten proiektua izan zela eta. Orain, "Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek txostenak egin beharko dituzte, azken izapidea Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onar dezan. Bien bitartean, udalak obrak lizitatzeko proiektua idazteari ekingo diola iragarri du. Jaurlaritzak txostenak "garaiz" egiten baditu, trazaduraren hondakinak "uda hasieran" desagertzen hasiko dela dio udalak.

EAJren kritika

"Trenbidearen trazadura berreskuratzea albiste ona bada ere", Durangoko EAJren iritziz "tamalgarria" da trazaduraren ingurunea egokitzeko "miloi bat" euroko "kostua" durangarrek ordaindu behar izatea. "Zenbat denborarako lagako digu Eusko Jaurlaritzak lursailaren erabilera? Zein berme eskaintzen dizkigu gobernu taldeak durangarroi lagapen horri buruz?", galdetu dute hedabideetara bidalitako oharrean. Jeltzaleen iritziz, "gobernu-taldea prest dago trazadura berreskuratzearen kostu osoa bere gain hartzeko, inolako hitzarmenik sinatu gabe eta segurtasun juridikoa" emango dion "legez baliozkotutako akordiorik sinatu gabe", azaldu dute. 

Trenbidea berreskuratzea "duela urte askotatik" kitatu barik dagoen "zorra" dela diote jeltzaleek. EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen jarrera kritikatu dute, Udalak eta Jaurlaritzak aldez aurretik lortuta zeukaten akordioa "geldiarazi" izan ezean, hitzarmen hori "duela urte batzuk gauzatuta" egongo zelakoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!