“Lan berri honetan ere badago egonezina, baina bidelagun lez”

Aritz Maldonado 2023ko mar. 10a, 12:00

Argazkia: Sara Estebez

Hamabost urteren ondoren, Jon Garciak, Ritxi Blancok eta Asier Eliasek lozorroan sartuko dute Mocker´s taldea; denborak esango du proiektua itzuliko den ala ez, baina hirukoteak "ganoraz" itxi gura izan du zikloa: 'Argia egin' diskoa kaleratu dute eta hamabost bat kontzertu emango dituzte ekainera bitartean; Durangaldean lehenengoa Martxoaren 18an, Elorrion

Mocker´sek 22 minutuko bidaia proposatu du 'Argi egin' lan berrian. Gaurtik aurrera entzungai dago plataforma digitaletan. 

'Oreka ahula'-k nahiko ziklo gorabeheratsua izan zuen.
Ritxi Blanco: Gure ustetan, zikloa ez zen itxi. Pandemiak gelditu egin zuen; hain zuzen ere, dena bertan behera geratu zen asteburuan kontzertu bi eman behar genituen, Gernikako Iparragirren bat, Lekuek jaialdian, eta Azpeitiko San Agustinen bestea. Guretzat garrantzitsuak ziren kontzertu bi horiek; horrez gainera, beste hamar bat kontzertu genituen lotuta, eta uda osoa geratzen zitzaigun aurretik. Gero Asier kanpora joan zen, eta geldirik egon behar izan genuen. Gerora, egon da aukera zikloa ganoraz ixteko, baina gorputzak eskatzen zigun Oreka Ahulako abestiez gainera abesti berriak sortu eta jo behar genituela. Hor erabaki genuen konposizio berriak egitea; hor hasi ginen lantzen Oreka Ahulagaz hasitako zikloa ganoraz ixteko behar genuen kontzeptua.
Asier Elias: Ordura artekoa ondo zihoan, bost hilabetean hamabost kontzertu eman genituen. Bat-batean dena jausi zitzaigun. Eta, ordutik, hiru urte igaro dira. COVIDa, ni kanpora joan nintzen... Jarraipen bat da hau, baina zerbait berria eskainiz. 

Baikorragoa iruditu zait 'Argi egin'.
A. E.: Izan daiteke. Melodia gehiago du eta hitzek ere tarte gehiago ematen diote itxaropenari.
R. B.: Oreka Ahula ezinegonagaz talka bat izan zen. Talka existentzial askogaz harrapatu gintuen momentu harek. Galdera asko genituen, abstraktoak, sentsazio zehatz batzuk. Hemen ere badago egonezin hori, baina bidelagun lez. Galdera horiek hor jarraituko dutela onartuta idatzitako abestiak dira.
A. E.:  Ez da mezu ultrapositibo bat, baina krisi garaietan ere argia egon badagoela azpimarratu gura genuen, krisiei norberak zelan aurre egiten dien garrantzitsua dela.

Musika aldetik, aurrekoaren formulari eutsi diozuela esango nuke, abesti luzeak eta zati desberdinekin.
A. E.: Erritmoak garrantzi handia izan du beti Mocker'sen, baina baita melodiek ere; ez gara ez hain progresiboak, ezta hain poperoak ere; tarteko zerbait da. Nik hainbat proiektutan jo dut, baina gure indargunea sortzen dugun energia dela esango nuke; transmititzeko gai garela esango nuke.
R. B.: Oreka Ahulan estilo bat finkatu genuela esango nuke, kontzeptu oso bat garatzearena. Abesti luzeak egiten ditugu, eremu desberdinak ikutzen dituztenak, letra kontzeptuala dutenak. Lan berri honetan, ñabardura berriak sartu dizkiogu oinarri horri. Mocker´s ulertzeko, kontzeptu osoa ulertu behar dela uste dugu, bloke osoa, musika, hitzak, irudia, zuzenekoak...

Curro Urebagaz grabatu duzue berriro.
A. E.: Oso ondo ulertzen gaitu. Esperientzia handia du zuzenekoan eta estudioan, eta gure rolloa bikain hartzen du: psikodelia, atmosfera desberdinak... Gure musika beste maila bat gorago igotzen duela esango nuke. 
R. B.: Gu asko entseatuta joaten gara grabazioetara, eta horri eskerrak zabalik egoten gara proposamenei dagokienez. Estudiora goazenerako eginda ditugu abestiak, baina amaieran berniz eskualdi bat eman behar zaio, eta Curro oso ona da horretan.

Irudiaz Smoke Signals arduratu da, beste behin ere.
R. B.: Indar handia duen irudia egin digu berriro. Guk kontzeptua eta idatzitako berbak baino ez dizkiogu bidaltzen, eta gero berak beti lortzen du gu harritzea.
A. E.: Esateko gutxi Markelen inguruan. Flipatu egiten dugu sortzen dizkigun irudiekin. Oraingoak indar berezia duela iruditzen zaigu, hiru lagunek sortzen duten argia; ziklo itxieragaz lotu du, gainera. Guretzat ohore bat da beragaz lan egitea. 

Taula gainera itzultzeko gogotsu?
R. B.: Azken urte bietan hiru kontzertu solte jo ditugu, beraz... beharrezkoa zaigu. Ni neu nekatuta nago orain arteko aurreprodukzio lanekin, diseinuagaz... Nik gura dudana jotzea da. Diskoa kaleratzen badugu, gero zuzenean aurkezteko da, jotzeko.
A. E.: Hamabost bat kontzertu ditugu lotuta hemendik eta ekainera bitartean, eta data politak izango dira, gainera. Horrez gainera, zuzenekoak apur bat aldatuko ditugula uste dut; inprobisaziorako tartetxo bat utziko dugu, eta horrek desberdin ere egingo ditu kontzertuak. Horrela guk geuk ere gehiago disfrutatuko ditugula uste dut. 

Hamabost urte pasatu dira Mocker´s hasi zenutenetik. Iraun egin duzue, baina, bien bitartean, beste talde asko sortu eta desegin egin dira. Zelan ikusten duzue ingurua?
R. B.: Talde kopuru eta proposamen aldetik, Durangaldean egundoko eskaintza dagoela esango nuke. Hainbat taldek kaleratu du diskoa oraintsu: Ezta Ilen-ek postpunka Zaldibartik; Dubek rock alternatiboa Berriztik; Nevadah-k rocka Durangotik; Ainkek, rocka; Katuk ñabardura propioak dituen punka; Peiok eta Itsuak rapa; eta The Kraven berriro martxan da urte askoren ondoren; horiek denak Durangaldetik irten barik. Baina ez dut ikusten zirkuitu potente bat eskaintza hori guzti hori xurgatzen duena. Durangon bertan, Sapuetxe edo Sorginola zeuden lehen, baina orain ez; Plateruena berriro zabaldu dute, baina ez da lekurik egokiena talde hasiberri batentzat, beharbada.
A. E.: Gu hasi ginenean leku gehiago zegoen jotzeko, beharbada, punkari lotuago zegoen eztanda edo... 
R. B.: Hasieran gaztetxe askotan jo genuen, eta orain espazio horiek falta dira, baina horregaz ez dugu ardura guztia espazio horien bizkar utzi gura; gu geu ere horren errudunak gara, antolatzen ez garen neurrian. Antolaketa handiago bat beharko litzateke talde eta gune autogestionatuen artean. Pentsatuz gero, ez sinestekoa da dagoen kalitatea eta aniztasuna, baina iruditzen zait ez dagoela horren islarik. Jende gutxik dakigu zertan dabiltzan musika taldeak. 

Ziklo itxiera dator. Baduzue bertigorik?
A. E.: Bakoitzak bere modura biziko du. Nik pena itzelagaz, baina pozik, aldi berean, oso modu politean utziko dugulako, disko berriagaz eta taula gainean. 
R. B.: Apurtu egingo nau, baina harro ere banago. Institutuko lagun bigaz egin dudana egitera heldu naizela ikusita, harro nago: abesti berriak egin ditugu, atzerrian grabatu, Herbehereetan masterizatu, kontzertuak antolatu... Beste aukerarik ez dugulako utziko dugu. Ea bizitzak noizbait bueltatzeko aukera ematen digun.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!