Bazterretik

@smokesignals

Oraintsu gogoratu du Fermin Muguruzak Negu Gorriaken azken kontzertu sortatik 22 urte igaro direla. Apenas ikusten dira NGren kamisetak kalean; batere ez, esango nuke. Led Zeppelinenak bai, horiek ikusten ditut. Suposatzen dut lagunduko duela H&Mn ere erosi ahal izatea... Jakinminez Wikipedian begiratu, eta John Bonham 1980. urtean hil zela (irailean 43 urte!) ikusi dut.

Eta zertara dator hau?

Bada, azken asteetan egin ditudan elkarrizketetako bitan, gutxienez, irten da Led Zeppelin zeharka. Dube berriztarrek eta Mocker´s durangarrek londrestarren iturritik edaten zuten hasieretan; edan, mozkortu arte, 70.eko hamarkadako hainbat artistaren doinuetatik. Artistaren doinu ez, totem-klasiko-hilezkorren ereserkietatik. Eta hau idatzi ahala, Joseba lankidea sumintzen igarri dezaket; gurtzen dituen jainkoez gaizkiesaka nabilen bitartean, bere begiradarekin ni fusilatzen ari da [kar-kar-kar]. Mocker´sen eta Duberen disko berrietan, influentzia berriagoak ere igartzen zaizkie, eta horrek pozten nau. Asko. Errespetu osoa diet Bonham eta enparauei [badakizu, Joseba], baina nahikoa begiratu dut atzera, nahiago dut alboetara begiratzea [Klasikoak ere erreskatatzen ditut noizean behin, eh!].

Oreka ahulak izan zen bidaia espaziala egin ostean, Mocker´s lurtarragoak entzun ditut Argi eginen. 22 minutuko bidaia berri honetako doinuak egosteko lapiko bera erabili dute baina beste energia bat darie abesti berriei. Oinarri erritmikoak indartsu kolpatzen du lan honetan ere, gitarra geruzek bestelako ñabardurak gehitzen jarraitzen dute, baina melodiek protagonismo handiagoa hartu dute. Are, ‘Inertziari’ eta ‘Argi egin’ abestietan oso nabaria da biraketa hori. ‘Kontraesanaren laudorioa’, ostera, Oreka ahularen jarraipen logikoa litzateke: hamar minutuko mozkorraldia, Landakoko soto(eta)tik Mojaveko desertura, Martetik Norvegiako fiordoetara. “Zalantzak zeharkaturik bizitzea, zein ederra den zama hori”. Galderak, zalantzak, bidelagun bihurtu dituzte oraingoan riff eta atmosfera bitartean. Txapela kentzeko moduko agurra sinatu du taldeak. 

Txapela kentzekoa, beste behin, Eneko Sagardoy ere. Oraingoan, SERen: “Beharbada estrategia falta da, baina niretzako lasaitasuna da, eta gustuz lan egin ahal izatea”. Nik ere badut nire teoria. Konformistegia naiz? Ez dut uste, baina berdin dit izango banintz ere. Pelau iteziak. Pozik bizi naiz nire bazterretik inguru(eta)ra begira. Horrela gozatzen dut. Albo batera begiratu, eta Ezta Ilen; bestaldera begiratu eta Nevadah; aurrera begiratu eta Peio eta Malakias ikusten ditut, seilaugaz. Zelako urte hasiera!

Ekainetik aurrera atzerako ispilutik ikusiko ditut Mocker´s, baina, ANBOTOren aste honetako alean publikatuko den elkarrizketan Ritxik dioen bezala, ea bizitzak berriz elkartzeko aukera ematen dien!

 

                                                                       "Carreteras secundarias, no siempre son atajos,

                                                                            pero encontré la felicidad aquí, volando bajo"

                                                                                                                      - Raperos de emaus -

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!