50 emakume durangarren lekukotasunak batu dituzte 'Durangas' dokumentalean

Anboto 2023ko mar. 6a, 13:24

Emakumeek 60ko eta 90eko hamarkaden artean bizitakoak eta sentitutakoak kontatu dituzte kameren aurrean. Huts laborategiak ondu du filma, eta zapatu honetan eskainiko dute aurre-estreinaldia Zugaza zineman. 

2021eko azaro hasiera hartan abiatutako proiektua amaierara eraman dute Huts Laborategiko Raquel Calvo eta Zuriñe López de Sabando kideek. Ekoizpen eta muntaketa lanak amaituta, jendaurrean aurkezteko prest daukate Durangas film dokumentala. Ikus-entzunezkoak Durangoko emakumeen memoria bizia josi eta harilkatzen du, eta  60ko eta 90eko hamarkaden artean bizi zituztenak ditu ardatz. Besteak beste, emakumeen  jatorria, hezkuntza, enplegua, sexualitatea edo aisialdia zelakoa izan zen batu dute, horrekin guztiarekin denen arteko oroimen kolektiboa sortzeko. Testigantzez gainera, grabazio ludiko batzuk eta Durangoko Orfeoiko emakumeekin egindako soinu-banda batu dituzte ikus-entzunezkora.

Soinu banda Asier Pérez Basterrak sortu, Garazi Navasek ahotsetara moldatu, eta Orfeoiko emakumeek grabatu dute. Ekoizpenean Andraguneak ere lagundu du, bertan gauzatu dituztelako testigantzak lantzeko tailerrak eta elkarrizketak. Udal Artxiboa eta San Agustin Kulturgunea ere baliatu dute ikus-entzunezkoa lantzeko. 

Aurre-estreinaldia zapatuan

Filmaren lehenengo emanaldia zapatu honetan egingo dute Zugaza zineman, 12:00etan. Raquel Calvo zuzendaria eta filmean elkarrizketatu lez agertzen den Arrate Bañeresek dokumentala aurkeztuko dute ikus-entzuleen aurrean. Bukaeran, berbaldia egingo dute bertaratutakoekin. Filmak Durangoko Udalaren Berdintasun eta Nagusien sailen laguntza izan du.

Dokumentala ikusteko lekua honako helbide elektronikoen bidez gorde daiteke:  huts.lab@gmail.com eta huts@huts.eus       

Fitxa teknikoa

Izenburua: 'durangas' (2023)
Gidoia eta zuzendaritza: Raquel Calvo. 
Testigantzak: Flora Ncara, Uri Ruiz, Ángela González, Ángela Soriano, Marisa Barrena, Maite Agirre, Arrate Bañeres, Asun Canales, Miren Sarrionandia, Rosi Larralde, Maite Aranburu, Luisi Gómez, Mila Larralde, Asun Larralde, Itxaso Izundegui, Pilar Txuntxurreta, Puri Sarrionandia, Bitori Ruiz eta Itziar Urionaguena.
Ekoizpena: Huts laborategia
Argazkia: Zuriñe López de Sabando eta Juan Arrosagaray
Tailer eta elkarrizketen gidaritza: Marta Calvo, Raquel Calvo eta Zuriñe López de Sabando.
Soinu banda: Asier Pérez Basterra, Garazi Navas Mundiñano eta Durangoko Orfeoiko emakumeak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!