Ainhoa Colinok podiumak eta azpimarratzeko postuak lortu ditu Ameriketako Estatu Batuetako ibilketa probetan

Anboto 2023ko mar. 5a, 18:00

NAIA ligan dabiltzan unibertsitateetako atletarik onenak batu zituen txapelketa nazionalean laugarren geratu zen eta azken itzulira arte bigarren amaitzeko aukerak izan zituen.

Ainhoa Colino (Berriz, 2004) Ameriketako Estatu Batuetako Hego Karolina estatuan dagoen Columbia College unibertsitatera joan zen iazko abuztuan. Han dihardu ikasten eta unibertsitateko atletismo taldearekin bere kirolik gustukuena dena praktikatzen: Ibilketa.

Cross Countryan lehiatu zituen bere lehenengo lasterketak. Abendutik hona pista estaliko atletismo denboraldian murgilduta dago eta 3.000 metroko ibilketa probetan emaitza bikainak lortu ditu.

Otsailaren 16-17ko asteburuan, 'AAC Indoor Championship’' izena duen Ipar Karolinako txapelketan parte hartu eta bigarren amaitu zuen. Berak eta bere taldekideek batutako puntuei esker, hirugarren geratu zen taldeka.

Baina orain arteko posturik azpimarragarriena joan zen barikukoa da, 'NAIA Track and Field Indoor Championship' txapelketan eskuratutako laugarren postua, Hego Dakotako Brookins herrian. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako txapelketa nazionala izan zen eta NAIA ligan (National Association Of Intercollegiate Athletics) dabiltzan unibertsitate denetako atletarik onenak batu zituen. 

"Oso urduri nengoen, nire lehenengo aldia zelako hemen. Gainera, ranking-ean laugarren nengoen eta banekien bigarren postura heldu nintekeela. Hori nuen helburu, eta marka hobetzea. Presio apur bat nuen, baina lasterketagaz gozatzea ere gura nuen", adierazi du Colinok.

Hasiera, "topera"

Lasterketa irabaziko zuen taldekideak hasieratik hartu zuen aurrea. Beste maila batean zegoen. Haren atzetik, Colinok ere "topera" ekin zion probari eta beste atleta batekin egin zuen lasterketako lehenengo erdia. Ondoren, aurrera egin eta bakarrik geratu zen bigarren postuan. "Gustura sentitzen nintzen; sufritzen, normala den moduan, baina eroso ere bai", gogoratu du. Erritmo ona zeraman: 5.00 eta 5.10 artean, kilometroa.

Azken itzulian, indarrek huts

Proba amaitzeko itzuli baten faltan bigarren postuak segurua zirudien, hirugarrenari distantzia "nahikoa" ateratzen ziolako, baina bat-batean indarrek huts egin zioten. "Hankak ez zihoazen. Oso sentsazio arraroa zen". 150 metroren faltan bi atletek aurrea hartu zioten. Azken itzuli horren pena geratu zaio eta emaitzagaz ez dagoela erabat pozik onartu arren, etorkizunean zer emateko gai den erakutsi zuen. "Nire lehenengo urtea da hemen eta beste hiru geratzen zaizkit. Nire lehenengo bederatzi itzuliekin geratzen naiz. Erritmoa oso ona izan zen eta hori lorpen handia da. Azkenean nire entrenatzeko eran nahiz teknikan aldaketak egiten ari naiz eta gorputzak denbora behar du horretara ohitzeko. Ikasten ari naiz". 

AEBn, "oso pozik"

AEBetan bizitzen ari den esperientziarekin "oso pozik" dagoela dio atleta durnagarrak. "Aldaketa handia izan da, baina oso pozik nago. Lagun asko egin ditut eta nahi dudana ikasten nabil. Esperientzia itzela da".

Pista estaliko denboraldia amaituta, aire librekoari ekingo dio orain. 3.000 metrotan barik 5.000 metroko ibilketa probetan arituko da.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!