Zelan zaletu zinen martxa-probara?
Umetan korrika egiten nuen, baina egunero egitea astuna egiten zitzaidan. Behin, lagun bategaz korrika nenbilela, taldekide bat martxa-proban ikusi nuen. Orduan ez nekien zer zen ere. Nekatuta geunden eta beste zeozer probatu gura genuen. Nire laguna ez, baina ni engantxatu egin ninduen. Ez dakit azaltzen, martxagaz lotura berezia dut.
Orain asteburu bi, Euskadiko txapelketa irabazi zenuen beste behin, Durangoko atletismo pistan. Hiru ibiltari egon zineten: emakumezko bi eta gizonezko bakarra.
Hemen ez dago jende askorik, eta maila handirik ere ez. Abantaila da Euskadiko txapelketa irabazteko, baina, gero, Espainiakoan zenbat jende eta zelako maila duten ikustean…
Desabantaila bihurtzen da.
Hori da. Bizkaian, 5 eta 10 kilometroko errekorrak nireak dira: 26.19 eta 56.21, hurrenez hurren. Ba, Espainiakoan, ni baino neska gazteagoek 22 minutuan egiten dituzte 5 kilometro. Abiadan pasatzen dira nire albotik. Harrigarria da. Baina, tira, beste batzuk nire antzera dabiltza eta haien aurretik egitea izaten da nire helburua. Azken batean, estatuko onenak ibiltzen dira eta eurekin aritzea bakarrik harro egoteko modukoa da.
Euskadin hain ibiltari gutxi egonda, denok elkar ezagutuko duzue.
Bai, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan betikoak batzen gara, lau edo bost. Bizkaiko kluben artekoan gertatzen dena kuriosoa izaten da. Martxa-probak puntuak ematen dizkio taldeari, baina klub askotan ez dago ibiltaririk eta horretan sekula ibili bakoak ipintzen dituzte.
Euskadin gaur egun kronometroa da zure aurkari nagusia eta hobetzera motibatzen zaituena?
Bai eta ez. Nire markak hobetzeko entrenatzen naiz, motibazio bat da, baina egiten duzunaz gozatu ezik ez du ezertarako ere balio. Niretzat gozatzea da garrantzitsuena. Lasterketan ez naiz kronometroari asko begiratzekoa. Urduritu egiten nau eta, mesede barik, kalte gehiago egiten dit.
Estatuan, non da indartsua martxa-proba?
Madrilen eta Katalunian talde indartsu bana dago. Murtzia eta Andaluzia inguruan ere badu indarra.
Gustatuko litzaizuke talde horietariko batera edo errendimendu handiko zentroren batera joatea?
Oso ondo egongo litzateke. Euskadiko txapeldun izandako tolosar bat Andaluziara joan da eta asko hobetu du.
Beharbada egunen batean zuri ere sortuko zaizu kanpora joateko aukera.
Bueno, abuztuan Ameriketako Estatu Batuetara noa.
A bai? Kontaiguzu. Nora joateko asmoa duzu?
AEBko Hego Karolina estatuko Columbia College unibertsitatera noa. Beti ikasi gura izan dut kanpoan. Bekak aztertu eta joateko aukera ikusi nuen. Unibertsitateagaz hartu-emanetan ipini, eta, azkenean, kirol beka eta beka akademikoa eman zizkidaten. Ikastera eta entrenatzera noa. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak egingo ditut, eta unibertsitateko ibilketa taldean entrenatuko naiz. Martxa eta krosa egingo ditut, biak. Entrenatzailea munduko txapelketan ibilitakoa da. Beste mundu bat izango da eta oso pozik eta oso motibatuta nago.