Martxoak 8

“Master Kaiolan ikastea eta gozatzea ditut helburu; besteen kontra lehiatuz ikasten da”

Anboto 2023ko mar. 8a, 12:00

June Urrutikoetxea Master Kaiola txapelketa jokatuko duen Durangaldeko ordezkari bakarra izango da emakumeetan. Joan zen astean Bizkaiko txapelketa irabazi zuen trinketean Amaia Zarrabeitiagaz batera.

Zelan sortu zaizu txapelketan parte hartzeko aukera?
Txaber nire entrenatzaileak [Txaber Zabala, Durangoko Pilota eskolako arduraduna] galdetu zidan ea txapelketan parte hartzeko prest egongo nintzen, eta baietz erantzun nion.

Zure ibilbideko txapelketarik inportanteena da?
Nire ustez, bai. Master Cup-en ere parte hartu dut urte bitan, baina azpiko mailetan. 

Zer helburu dituzu?
Master Kaiolan ikastea eta gozatzea ditut helburu. Buruan ez dut irabaztea. Besteen kontra lehiatuz ikasten da eta norbera non dagoen ikusteko balio du. 

Lau eta erdia gustuko duzu?
Bai, asko gustatzen zait. Binakakoa baino gehiago gozatzen dut lau eta erdian, baina binaka ere gustura aritzen naiz.

Zelako pilotaria zara? Tantoari eusten dion horietarikoa ala erasokorra?
Tantoak azkar amaitzea gustatzen zait. Batzuetan aitak esaten dit tantoa lar arin amaitzea gura dudala eta pazientzia gehiago izan behar dudala. Apurka ikasten nabil.

Zure kanporaketa Dimako Txumuluxueta klubeko Malen Lamadriden kontra jokatuko duzu. Zer dakizu berari buruz?
Lehen, Otxandioko Ainhize Etxebarria pilotariagaz jokatzen nuen binaka. Ni baino urtebete gazteagoa da. Orain Diman entrenatzen da, Malenegaz batera, eta bere bitartez ezagutzen dut. Trinketean ere kointziditu izan dut Malenegaz.

Zelako pilotaria da?
Trinketean jokatzen ikusi dut gehienbat, eta asko ematen dio pilotari. Jotzailea da eta aurkari gogorra izango da.

Zelan egin dakioke aurre?
Bera mugiarazten ahaleginduko naiz, atzera-aurrera, aldamenetara… Kantxan deseroso ibili dadila. Eta pilota astintzen duenean tantoari eusten ahaleginduko naiz. 

Antolatzaileek buruhauste asko izan dute txapelketako hamabiak aurkitzeko. Zenbat zabiltzate Durangon?
Esku pilotan neu naiz bakarra. Umetxoak badaude, baina, bestela, neu bakarra.

Eta binakakoak nogaz jokatzen dituzu?
Bizkaiko binakako txapelketa Gernikako pilota klubeko Amaia Zarrabeitiagaz jokatzen nabil. Orain asko jokatzen dut beragaz.

Zer egin daiteke emakumeak esku pilotara erakartzeko?
Nire partiduak Durangon antolatzeko eskatzen diot Txaberri, hemengo neskatoek pilota partiduak ikusi ditzaten horrela. Kirol honetan neskei ikusgaitasun gutxi ematen zaigula uste dut. Adibidez, Unai Laso eta horiek Durangora etorri zirenean jende mordoa batu zen, baina oraintsu lehen mailako emakume pilotariak aritu dira San Fauston eta ez zen ia inor egon. Ikusgaitasun handiagoak jendea batzen lagunduko luke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!