“Plateruenean jendeak espazio anitz bat topatzea gustatuko litzaidake"

Jone Guenetxea 2023ko mar. 3a, 09:04

Plateruenak gaur ekingo dio ibilbide berriari. Hile batzuetan zabalik egon den arren, gaur egingo dute irekiera ofiziala, 20:00etan. Anari, Peru Magdalena, Aitor Bizkarra eta Odei Barroso igoko dira taula gainera, besteak beste. Izena mantenduta, baina abizen berriagaz aurkeztu dute proiektua Durangoko hainbat kultur eragilegaz, asteon: Plateruena kultur aterpea. Maider Larrañaga izango da proiektuaren gidaria.   

Zer adierazi gura izan duzue kultur aterpea izenagaz?
Plateruenak ibilbide berrian izango dituen bost ardatzak batzeko moduko izen bat topatzen ibili gara. Erpin nagusiak kultura, euskara eta sormena izango dira. Eta norabidea markatuko diguten bidezidorrak hauetxek: harrobia izatea, esperimentatzeko gunea izatea, topagunea izatea, erakusleihoa izatea eta sortzeko leku bat izatea. Aterpe berba entzun genuenean, egokia zela iruditu zitzaigun. Izen zabal bat da, baina, aldi berean, etxekotik eta gutasunetik asko duena. 

Bost ildo nagusi aipatu dituzu. Zelan landuko dituzue?
Durangarrentzako, Durango edo Durangaldeko artistentzako topagune bat eta esparru honetan interesa duen jendea gerturatzeko leku bat izatea gustatuko litzaiguke. Horretarako, estrategia batzuk martxan ipiniko dira; sortzaileen arteko topaketa informalak antolatzea, esate baterako. Konturatu gara sormenerako lurralde aberatsa dela hau, baina sarritan eragileek ez daukatela elkarren berri. Modu informalak aukera bat ematen du hartu-eman hori lantzeko. Harrobiaren ideiari dagokionez, baliabideak eskaini gura ditugu txikitatik hasita arteagaz eta sormenagaz esperimentatzeko, ezagutzeko eta ikusteko. Helburua da etorkizuneko sortzaileekin lanketa egitea. Esperimentazio gunea esaten dugunean, sormenagaz oso lotuta dago. Tailerrekin, esate baterako, arlo hori landu daiteke. Gertuko sormenerako estrategiak detektatuz aukera ezberdin batzuetatik jotzea ipini dugu helburu, eta horiek hemendik eskaintzen direnak izatea. Bestalde, erakusleiho edo oholtza honek sasoi batean izan zuen erreferentzialtasuna berreskuratzeko ahalegina egingo dugu, oreka bat gordeta lan profesionalen edo kontrataturikoen artean, eta baita lehenengo plaza horren bila dabiltzan etorkizuneko profesionalek ere lekua izateko.

Zelan funtzionatuko du proiektu berriak?
Funtzionamendu aldetik, kultur mahaia daukagu, eta nire iritziz oso proposamen interesgarria da. Denon artean erabakiko dugu zein funtzionamendu izango dugun. Espero dut ate itxiekin orain arte baino lan gehiago egingo dela. Sortzeko plaza bat izango dela esaten dugunean, beti esaten da pilotari batek frontoi bat behar duen moduan entrenatzeko, edo futbolari batek futbol zelai bat, sortzaileek oholtza bat behar dutela. Ordubeteko kultur saio bat ikustera joaten garenean, ez dugu imajinatu ere egiten aurretik zenbat lan ordu behar izan diren ateak itxita bakardade edo kolektibotasun horretan egiten direnak. 

Ikusleak zer aurkituko du Plateruenean? 
Plateruenean jendeak espazio anitz bat topatzea gustatuko litzaidake. Kalitatezko gauzak dauzkanak, interes kulturalagaitik programatzea merezi dutenak eta baita herrian sortzen diren beste hainbat iniziatiba ere. Orain arte, Dantzaro hemen egin da, bandak ere hemen egin izan ditu kontzertuak... jende horrek ere bere lekua hemen topatzea gura nuke. 

Talde handiak etorri izan dira Plateruenera. Kontzertu horiek lekua izaten jarraituko dute?
Bai, etorri ahal izango dira eta, gainera, lantzen gabiltzan bide bat da. 

Zer gertatuko da tabernagaz? Oraingoz itxita dago.
Oraingoz ez da taberna zabalduko, baina zabalduko da. Argi daukaguna da kulturgintza dela etxe honetako ildo nagusia. Beraz, aterako den taberna eredua bigarren mailakoa izango da, eta kulturgintzari kalterik egingo ez diona. Seguruenik taberna egongo da ekitaldi batzuetan, baina beste batzuetan akaso ez da taberna zerbitzurik egongo. 

Arlo pertsonalean, zelan hartu duzu ardura hau? 
Ardura handiagaz bizi dut. Pozik, erronka pofesional eta pertsonal handia delako. Bestalde, eskertuta nago nigan ipini den konfiantzagaitik. Pentsatu gura dut arazoak baino erronkak izango ditugula aurrean. Oraingoz neu naiz aurpegirik bisibleena, baina kultur mahaiak badauzka hor ondo definitutako zereginak. Talde motore bat ere egongo da, udaletxeko teknikariekin eta kultur mahaiko ordezkari bigaz. Kultur mahaian borondatez dabilen jendea dagoela da plano bi haien arrazoi nagusia, eta gauzak erraztu egin behar zaizkiela. 

Zein desberdintasun dago foro bien artean?
Kultur mahaiak erabakiko du arlo estrategikoak zelan landu eta proposatu. Baina, adibidez, eredu bat atera behar bada, zein baldintzatan utzi behar zaion espazio hau hirugarren bati. Kultur mahaia hutsetik hasi beharrean, geu hasiko ginateke talde motoretik hori guzti hori lantzen. 

Durangoko Udaleko kultur erakundeetan emakumeak zaudete ardura karguetan: Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia Museoan, Arantza Arrazola San Agustin kultur gunean eta Esti Albizu Bixenta Mogelen. 
Bai, eta horiei Laura Vallejo kultura teknikaria ere gehitu behar zaie. Hori oso positiboa da niretzat. Kasualitatez edo kausalitatez sorturiko talde bat gara. Emakumeok beste perspektiba batetik eraikitzen ditugu gauzak, edo beste perspektiba batzuk kontuan izanda. Emakumeoi beste zirrikitu batzuk zabaltzen ahalegintzen gara. Badaukagu sentsibilitate berezi bat. Eta, batez ere, emakumeoi lan egiten erakusten digute, eta lanerako dedikazioan ere igartzen da. Ekipo langile bat gara. Eurak kultur mahaian egongo dira eta gure artean komunikazio naturala dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!