"Piztu argiak, poztu bihotzak eta puztu aterpe hau", azaldu du Maider Larrañaga Plateruenako kudeatzaile berriak. Izan ere, kultur aterpe lez definitu du Plateruena berria Larrañagak. "Durangok eta Euskal Herriak Plateruena indartsu bat merezi dugu, herriko elkarte eta eragileei zein Euskal Herriko zein nazioarteko sortzaileei aterpe emango diena. Lan nekeza daukagu aurretik, eta apustua handia da ere, baina iparrorratza norabide egokian daukagu. Eraikin honi behinola izandako disdira itzuli nahi diogu", azaldu du. Hain zuzen ere, gakoetako bat "proiektuaren gidaritza" izango duen Kultur Mahaia izango dela azpimarratu du Maider Larrañagak gaur egindako prensaurrekoan. Hemeretzi eragile eta norbanakok osatzen dute gune hori, eta aurkezpen argazkian egon dira bertako parte hartzaileetako batzuk. Besteak beste, Berbaro, AEK, Gerediaga elkarteak eta Jaizale txistu elkarteak osatzen dute gune hori. "Kultur Mahaia Plateruena Kultur Aterpearen helburuak, lan lerroak eta ideiak lantzeko bilgunea bihurtzea izango da. Durangoko zein Euskal Herriko kulturgintzarako aterpe izango den proiektua eraiki nahi dugu, eta hor Durangoko eragileen beharra izango dugu".
Irudi eta lelo berriak aurkezteaz gainera, kudeaketa eredu berriak "publikoa eta komunitarioa" uztartuko dituela azaldu dute. "Aurreko kudeatzaileek Plateruena ixtea erabaki ostean, eraikina Durangoko Udalarena izatera igaro zen, eta urte bukaeran Udalak Plateruenaren kudeaketa bere gain hartuko zuela iragarri zuen, kudeaketa eredu publikoaren alde eginez eta berau enpresa pribatuen eskuetan ez uztea erabakiz".
Barikuan, Piztu Argiak! ekitaldiagaz ekingo dio ibilbide berriari Plateruenak. Besteak beste, datozen hilabeteetan Olaia Intziartek, edota Mocker's durangarrek kontzertuak eskainiko dituztela aurreratu dute, baita Durangoko beste hainbat eragileren aurkezpen eta ekitaldiak ere.