[BIDEOA]: Durangoko kirol monitoreen greba osoko bilkurara ailegatu da

Ekaitz Herrera 2023ko ots. 22a, 21:35

Amaia Palacio herritarrak adierazpen bat eraman du gaurko osoko bilkurara Landako kiroldegietako herritar talde baten izenean. Kirol zerbitzuen auzia eta azpikontrataturiko langileena "berehala" konpontzea eskatu die politikariei. Bien bitartean, grebalariak plazan batu dira protestan, ELAk deituta.

Kalean, oihuak eta protesta giroa. Barruan, udal ordezkarien bilkura. ELA sindikatuak deituta, Durangoko kiroldegietan azpikontratatuta lan egiten duten kirol monitoreak udal plazan batu dira arratsalde honetan, ordezkariei protesta mezuak helarazteko. Kexu dira, euren esanetan "murriztu" egin direlako Landako kiroldegietako kirol zerbitzuak izurri aurretik hona. Osoko bilkurak iraun bitartean etengabeak izan dira sirena hotsa, musika eta oihuak. 

Bien bitartean, udaletxe barruan, mahai gainera irten du eztabaidak. Amaia Palacio herritarrak adierazpen bat zuzendu die ordezkari politikoei, kiroldegiko erabiltzaile talde baten izenean. "Noiz arte iraungo du egoerak? Noiz arte iraungo dute murrizketek?", galdetu du. Durangarrak udal ordezkariak deitu ditu kiroldegiko auzia "berehala" konpontzera. "Berdin zuzenean kontrataturiko beharginekin zein azpikontrataturikoekin berba eginda". Horrez gainera, kirol zerbitzua "izurriaren aurreko baldintzetara" leheneratzea eskatu du.

Amaia Palaciok ordezkari politikoen aurrean defendatu du mozioa.

Duela astebete, Landako kiroldegietan azpikontrataturik lan egiten duten kirol monitoreek greba mugagabea hasi zuten. Euren esanetan, "murriztu" egin da kirol zerbitzua, eta datu bat eman dute horretarako: izurria baino lehen, kirol monitoreek "140,5 kirol ordu" eskaintzen zituzten gidatutako aktibitateetan, eta izurria eta gero, berriz, "astean 95". Eztabaidak, baina, bira berri bat izan du Durango Kirolak entitateko Asier Bikandi zuzendariak azalpenak eman dituenean. Bikandik emaniko datuen arabera, izurria baino lehen, 2019-2020 ikasturtean, 19.157 kirol ordu eskaini ziren Landako kiroldegietan. Gaur egun indarrean dagoen lizitazioak baina, handitu egiten du kopuru hori, 2023-2024 ikasturte honetan 24.944 kirol ordu eskaintzea aurreikusten dutelako. Hau da, izurri aurrean baino gehiago. Gorakada hori, gainera, egindako inbertsioan ere islatzen dela azpimarratu du. 2020an 450.574 euroan lizitatu zuten kirol eskaintza zerbitzua, eta aurtengo kontratazioa 611.065 eurora ailegatuta egin dute. Bikandiren esanetan,  "Kontrataturiko enpresa berriek denbora behar dute zerbitzu berriak eskaintzeko. Kontratazio pleguek argi diote enpresak aktibitate berriak sortzera behartuta daudela, beti ere herritarren eskarien eta beharrizanen arabera". Bikandik kontrataturiko "ordu kopuru guztiak agortzea" gura duela gaineratu du.

Erreakzio sorta

Alderdi politiko bakoitzak gaiari buruzko iritzia mahai gaineratu du, baina iritziak iritzi, denek egin dute Amaia Palacio herritarrak eskatutakoen alde. Honako hauek dira ordezkariek esan dituzten aipamenetako batzuk

  • Jon Sergio (EAJ): "EAJk beti egin du lan zerbitzuei kalitatea eskaintzeko. Udal gobernu talde honek, zoritxarrez, ez du kirolaren alde egin. 2020an aurreikusi genuen zerbitzuetan gutxitze bat egon zela. Datu horiek, [Asier Bikandik emanikoak] arratsalde honetan bertan eman dizkigu gobernu taldeak. Katxondeo bat da herritarrak eta informazioa horrela tratatzea".
  • Iker Urkiza (EH Bildu): "Mozioak eskatzen duen bezala, azaroan batu ginen langileekin. Langileen ordezkariekin batu gara bi bider. Baita enpresa kudeatzaileekin ere. Pleguetan jasorikoa betetzea exijitu diegu. Martxoan monitoreek gidatutako aktibitate berriak egongo dira. Epe laburrean dena konpontzea itxaroten dugu, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat".
  • Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Pandemiaren bukaeratik hona, gero eta gehiago dira Durango Kirolak-eko kiroldegietara jotzen duten erabiltzaileak. Lizitazio berriak kirol eskaintza eta ordu kopuru gehiago barneratzen ditu". 
  • Jesica Ruiz (PSE-EE): 21 langiletatik 17 greba mugagabean ditugu. Langile hauek otsailaren 13an hasi zuten greba. Durangarrei berdin die enpresa kudeatzailea zein den. Kalitatezko zerbitzuak gura dituzte, horretarako ordaintzen dituzte-eta prezioak. Gatazka konpontzen ez bada, zer gertatuko da zerbitzuekin? Mozio honetan eskatzen dena eskatu daitekeen gutxienekoa da. Herritarrek eta kirol monitoreek konponbidea behar dute".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!