Asteburuan atletismoko pista estaliko Espainiako txapelketa lehiatu dute Madrilen. Aurten Bartzelona klubarekin dabilen June Arbeo durangarrak 3.000 metroko finala lehiatu zuen atzo eta bosgarren tokian amaitu zuen. Txapelketa honekin amaitutzat eman du pista estaliko denboraldia. Oro har "pozik" dago denboraldiagaz, baina iazko abenduan Donostian egindako denbora hobetu ez izanaren "arantzatxoa" geratu zaiola adierazi du. Edozelan ere, denboraldi honetako markarik onena lortu du Madrilen: 9.24.51.
"Gogor" entrenatzen aritu da hitzordu honi begira eta 9.15 inguruan ibiltzea itxaroten zuen arren, ezin izan zuen, hein handian, lasterketa motela izan zelako lehenengo kilometro bietan. Hirugarren eta azken kilometroa arina izan zen —3.02an osatu zuen Arbeok— baina ezinezkoa zen dena errekuperatzea.
3.000 metroetako azken itzulia ikusgarria izan zen. Marta Perezek eta Marta Garciak esprint zoragarria eskaini zuten nor baino nor gehiago. Azkenean Marte Perez gailendu zen (9.07.60) lau segundo-ehuneneko aldeagaz (9.07.64).
Prestakuntza, Sierra Nevadan
Apirilean pista irekiko denboraldia hasiko da eta Arbeok horri begirako prestakuntza hasiko du laster. Bere ibilbidean lehenengoz Sierra Nevadara joango da martxoan, 21 egunez, entrenamenduak garaieran egiteko. Pista irekian, 3.000 mteroko oztopo probetan zentratuko da.
Atzoko lasterketa LOTURA HONETAN ikusi daiteke 2.56.00-tik aurrera.