Durangoko Udaleko ordezkariek Errotaritxuenako zentro zibikoa izango denaren obren hasiera bisitatu dute gaur, auzoko ordezkariekin batera. 340.304 euroko aurrekontuagaz, Errotaritxuena auzoko 12. eta 13. zenbakietan egingo dute, orain arte udal brigadaren biltegi gisa erabiltzen zen lokalean. Lanak sei hilabetean egitea eta irailean amaituta egotea gura dute.
Auzogune honek 198,34 metro koadro ditu. Otamotzena parkeko aldetik sarrera bi izango ditu eta beste aldetik beste bat. Parkeko sarrera batetik ostalaritza gunera sartu ahalko da zuzenean. Gune honek barra bat, mahaiak, sukaldea eta komunak izango ditu. Bigarren atetik, pasillo bat zeharkatu, eta erabilera anitzeko gelara helduko da. 86 metro karratu horietan umeei eta nagusiei bideratutako espazioak sortuko dituzte.
Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez, auzotarrek kudeatuko dute auzogunea. Tabernaren kudeaketa berriz lizitaziora aterako dute, Iker Urkiza zinegotziak aurreratu duenez.
Apustu "nagusienetakoa" zena, errealitate
Jorge Varela zinegotziak gogoratu du auzotarrek orain 12 urte eskatu ziotela udalari zentro zibiko baten beharra. "Eta horixe da gaur eguneko Gobernu Talde hau egiten dabilena. Guretzat oso garrantzitsua da. Legegintzaldi hasieran herritarrei aurkeztu genien gobernu planaren apustu nagusienetakoa zen".
Iker Urkizak esan du aurreko gobernu taldeek "ideiak bota eta gero herritarrak bertan behera" uzten zituztela eta, azkenean, Gobernu Talde honi esker bihurtu dela errealitate auzogune berria.
"Eskainitakoa kunplitu dute"
Inguru hartako hainbat auzotar ere batu dira obren bisitara. Txema Bilbao Herria Auzo Elkarteko presidenteak adierazi du, oro har, "pozik" daudela proiektuarekin. "Ez da guk nahi genuen zentroa, hori da egia, baina justua da aitortzea Gobernu Talde honek kunplitu egin duela eskaini zuenarekin; eta ez da gutxi. Horregatik pozik gaude".
Herria Auzo Elkarteko presidente ordea den Jaime Intxaustirentzat "ametsa" zena errealitate bihurtuko da. "Gobernu Talde desberdinekin borrokan aritu gara urte askoan eta azkenen gaur eguneko honekin lortu dugu gure ametsa egia bihurtzea. Durangoko kaleek eta auzoek euren espazioak behar dituzte".
Hurrengo datozen zentro zibikoak
"Lehenengoa da, baina ez da azkena izango", aurreratu du Jorge Varelak. "Udaleko zerbitzua deszentralizatu gura ditugu. Eredu hau beste auzo batzuetara eramango dugu. Zentro zibikoak gura ditugu, hala nola, San Fauston, Juan de Iziarren, Muruetatorren, Madalenan eta Alde Zaharrean".
Denboran gertuen dauden zentroak Juan de Iziarrekoa eta Muruetatorrekoa dira. Juan de Iziarrekoa "laster" aterako dute lizitaziora, Iker Urkizaren esanetan. Baxu batean lonja bat alokatu diote Eusko Jaurlaritzari eta han egingo dute. Muruetatorreko zentroaren kasuan ere "dena prest dugu lizitatzeko". San Faustokoaren kasuan, momentuz proiektua "eginda" dago auzotarrekin batera.
Auzoguneko barrualdea une honetan.
Auzogunearen kokapena.