Durangoko Udalak 340.304 eurotan (BEZ barne) esleitu ditu Errotaritxuenako etorkizuneko zentro zibikoa eraikitzeko lanak. Horri esker, datozen asteetan hasiko dira auzoko bizilagunen topagune izateko zein zonalderako dinamika berriak sortzeko gunerako lanak, udlaak ohar batean informatu duenez. Obra hauek eta sei hilabeteko iraupena izango dute, eta hauen ondoren Muruetatorre eta Juan de Iciarko zentro zibikoak iritsiko dira.
Errotaritxuena auzoko 12. eta 13. zenbakidun eraikineko etxabeetan kokatuko da zentro zibikoa, gaur egun udal brigadaren biltegi gisa erabiltzen den lokalean. Aldez aurreko jarduerarik eta egokitzapenik gabeko lokala da, eta Durangoko Udalak aisialdirako eta gizarte jarduerak biltzeko jarduera ezarri nahi du bertan.
Zentro zibiko horrek 198,34 metro koadro izango ditu, eta hainbat erabileratarako espaziotan banatuko da. Besteak beste, ostalaritzarako gune bat egongo da, barra batekin, mahaietarako gunearekin, sukaldearekin eta komunekin.
“Auzoei beren dinamika indartzeko azpiegiturak eman nahi dizkiegu, eta horrek, era berean, bizi kalitate hobean eragiten die durangar guztiei. Auzoak dira gure herriaren arima eta, beraz, hauek biziberritzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
Muruetatorre eta Juan de Iciarreko zentro zibikoak
Halaber, gobernu taldea Muruetatorre eta Juan de Iciarreko zentro zibikoetan lanean ari da. Azken horren kasuan, Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hitzarmen bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren bi lokal lagatzeko, udalak auzoko bizilagunentzako zentro zibiko bihur ditzan.