Kirolagaz barik, umore onagaz eta barre-algarekin bete da gaur Tabirako kiroldegia. Euskal Telebistako ‘Herritxiki’ saioko lan-taldea bertan egon da, telebistarako atal berri bat filmatzen. Xebastian Lizasok zabaldu du saioa, bertsoa botata. Eta segidan igo dira oholtzara Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales aurkezleak. Saioan zehar, Nogalesek eta Pagadizabalek duela hamar egun hainbat auzokideri egindako elkarrizketak proiektatu dituzte. Xelebrekeriarik eta bitxikeriarik ez da falta izan. Saioaren behin-betiko emaitza ikusteko martxoaren 12ra arte itxaron beharko da. Egun horretan emango dute saioa, ETB1en, 22:15 aldera.