"Zein argudio erabiltzen dituzte Osasun Saileko eta Osakidetzako adituek Durangon ospitale berri bat eraikitzea beharrezkoa ez dela baieztatzeko?", batetik. "Nola justifikatzen du Osasun Sailak Durangoko Udalari jakinarazi izana ospitale berria eraikitzea ez dela legebiltzarreko inolako talde batetik beharrizan gisa planteatu, baieztapen hori guztiz faltsua dela jakin arren?", bestetik. Elkarrekin Podemos-IU taldeak gisa honetako bost galdera erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean, eta azpimarratu du "faltsua" dela ospitale baten beharrizana talde bakar batek ere defendatu ez duela dioen baieztapena. Talde moreak argi utzi gura izan du berak Durangalderako ospitale bat defendatzen duela. Horrez gainera, Jaurlaritzari leporatu diote ospitale bat behar ez den baieztapena eskualdeko osasun beharrizanak identifikatzeko azterketa kaleratu barik dagoela egin izana.