#0km

"Betidanik josten aritu diren andrek liluratu egiten naute"

Aitziber Basauri 2023ko ots. 5a, 10:20

Saioa Segurak berak diseinatu eta sorturiko motxilekin abiatu zuen Veletta. Eskari bidez lan egiten du durangarrak, Interneten (www.veletta.shop) eta sare sozialen bitartez (@myveletta).

Material birziklatua eta beganoa erabiltzen duzu motxilak egiteko. Horrek egiten du berezi Veletta?
Material beganoa erabiltzea oso garrantzitsua izan da hasieratik. Velettaren ezaugarria da hori eta geroago eta produktu ekologikoagoak sortzea. Horretarako, etengabe nabil oihal bila. Iragazgaitza, birziklatua, beganoa, estanpatu daitekeena… ezaugarri guztiak betetzen dituen oihala lortzea ez da erraza. Beraz, Veletta jasangarria da inguruarentzat, denboran iraungo duen produktua da, zero kilometro kontzeptua betetzen du, eta bitartekorik barik (Durangoko eta Bilboko enpresa bigaz lan egingo dut). Birziklatze prozesu batetik ateratako PET plastikoagaz (birziklaturiko plastiko botilekin) egindako poltsak ere baditut, adibidez.

Slow Fashion motako osagarriak dira. 
Bai, guztiz. Lan hau amatasunagaz uztartzen dut eta horrela jarraitu gura dut. Batez ere, eskarguz lan egiten dut, baina denbora dudanean lan berriak prestatzen ditut. Hiriburuetan antolatzen diren Pop Up dendetan ere parte hartzen dut.

Zoriontasunaren motxilak direla irakurri dugu. 
Bueno... Motxila desberdinak, dibertigarriak eta koloretsuak sortzea da helburua. Norbera janzkera xumeagaz edo apaindura gutxigaz joan arren, motxilak txispa apur bat ematea da kontua. Hori da Velettaren jokoa. Ez dakit zoriontsuago egingo zaituen, baina egunari alaitasun apur bat eman diezaioke (barrez).

Urte askotako zaletasuna duzu jostea. Autodidakta zara?
Bai, bakarrik hasi nintzen ikasten, tutorialekin. Josteko lehenengo makina 20 bat urtegaz hartu nuen. Izugarri gustatzen zait eta apurka-apurka geroago eta gehiago murgildu nintzen joskintzan. Arropa jostea ere gustatzen zait, baina maila pertsonalean. Bilboko jostun bategaz ikasi nuen patronajea, Margaren dendaostean. Betidanik josten aritu diren andrek liluratu egiten naute. Euretariko baten ondoan ipini eta dakien guztia erakustea gura nuke. 

Jarraitzen diezu moda tendentziei?
Koloreak aukeratzeko eta konbinatzeko begiratzen diet moda tendentziei, baina, bestela, neure kasa ibiltzen naiz. 

Urte hauetan zelan hazi da Veletta?
Motxilen bilduma da Velettaren funtsa; horregaitik ezagutzen naute, batez ere. Baina, askotariko pertsonaiengan oinarrituriko betaurreko-zorroek ere arrakasta handia dute: Jack Nicolshon, Kurt Covein, John Lenon, Sophia Loren, Brigitt Bardot… Gustatzen zait ikustea jendea zelan harritzen den zorroek atzean duten istorioa kontatzean, eta mordoa saltzen dut. Diseinu geometrikodun diru-zorroak ere baditut, guztiak desberdinak. Motxila berriekin hasiko naiz laster, beste oihal batzuekin probatuta. 

Zeintzuk erronka dituzu aurretik?
Velettak bizirik jarraitzea gura dut. Sortzea gustatzen zait eta horretan jarraitu gura dut. Baina ez dakit moda munduan sartuko nitzatekeen. Igual denbora gehiago dudanean, esperientzia gehiagogaz…. Eta prozesua kanpora aterata, Euskal Herrian bada hobeto; baina Slow Fashion kontzeptuari jarraituta. Emakumeen tailer bat sortuta, adibidez. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!