EAJk Landako kiroldegietako lan-gatazkan esku hartzea eskatu dio gobernu taldeari

Anboto 2023ko ots. 2a, 12:22

Azpikontrataturiko langileez gainera, udal langileak ere kexu dira, Jon Sergio zinegotziaren arabera. Udal langileek auzia konpontzea eskatzeko "11 eskari partikular eta eskari kolektibo bat" erregistratu dituzte, Sergioren berbetan.

Landako kiroldegietako langileen mobilizazio iragarpenak direla eta, Durangoko EAJk kirol azpiegituretan dauden "lan gatazkak konpondu behar direla" adierazi du ohar bidez. Jeltzaleen berbetan, kiroldegietan egindako aldaketak "eragin negatiboa" izaten ari dira "langileen lan-baldintzetan eta kalitatean", eta horien ondorioz, "zenbait desoreka nabarmen" gertatu dira. Langileen "kokapen eta txanda" aldaketak ipini dituzte "desoreka" horren" adibide modura. "Kokapen-aldaketei dagokienez, adibidez, ozono-ihesaren kasu berri bat gertatu da igerilekuan, igerilekuetako mantentze-lanetako ofiziala frontoia zaintzen ari zen bitartean" eta "urruneko instlazioen kasuan ere, pertsona berak ordu berean ireki edo itxik behar ditu, eta hori fisikoki ezinezkoa da", azaldu du EAJ. Txanda aldaketen kasuan, ordutegi berriek langile gehienei "kalte" egiten dietela, eta horrek "lan-giroa are gehiago okertzen" duela gaineratu dute. Kirol zerbitzua "seriotasunez" hartzeko eta "premiazko neurrak" hartzea eskatu dio Jon Sergio zinegotziak gobernu taldeari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!