Gosari pertsonalizatuak egiten dituzue, opari modura emateko. Zergaitik gosariak?
Pozarren ibiltzen naiz beti, eta besteei poz hori transmititzea gustatzen zait. Gosariak horretarako bitarteko izan zitezkeela ikusi nuen. Izugarri gustatzen zait gosaltzea, egunero hiru bider gosaldu nezake nik.
Bakoitzaren eskarietara moldatzen zarete.
Bai. Gosaria edo brunch-a baino gehiago, esperientzia edo emozio bat eskaintzea da helburua. Zauden tokian zaudela (lantokian, etxean, erietxean…) atea zabaldu eta ezustean aurrez aurre gosaria dakarren norbaitegaz topatzea oso polita da. Lan ederra da, atsegingarria. Poz handia ematen du, sorpresaren parte egiten gaituztelako, momentu berezi horren parte. Gosariagaz txarteltxo bat eta bezeroari eskaturiko argazki bat bidaltzen ditugu. Bat baino gehiago emozionatu egin dira eta guri ere eragin digute negarra. Gaixo daudenei edo momentu gogorra bizi dutenei ere egin diegu entrega.
Baduzu enkargu berezirik gogoan?
Momentu berezi asko daude, oso momentu politak. Behin, gosari berezi bat eskatu ziguten ezkontza-eske bat egiteko, hogeitaka arrosa gorrigaz eramateko. Beste behin, emaztearen urteguna ospatzeko, afari berezi bat prestatu nuen bere etxean, senarragaz ados jarrita. Kalean zain egon nintzen, bezeroa emazteagaz eta alabekin irten arte. Orduan, etxera igo eta dena prestatu nuen. Etxeko harrera puxikaz bete nuen, ohartxoekin. Afaria prest utzi nuen jangelan.
Gosariak eta bestelakoak prestatzen dituzu, beraz.
Bai, ez diot mugarik ipintzen neure buruari. Coffe break-ak eta askotariko ekitaldiak ere eskatu dizkigute. Gainera, bazkide bategaz Sauvage Wedding sortu dut.
KmO kontzeptua duzu oinarri.
Bai, tokiko kalitatezko produktuekin prestatzen ditugu gosariak, eta, horretarako, Durangaldeko ekoizleekin lan egiten dugu. Horregaitik izan dugu halako erantzun ona. Hasieratik ahorik ahokoari eskerrak zabaldu da gure lana eta oso eskertuta nago emandako konfiantzagaitik.
Gosaria da eguneko jatordurik garrantzitsuena?
Ondo gosaltzea modurik onena da egunari ondo ekiteko.
Urrunetik egin dizute enkargurik?
Bai. Houstonetik (AEB), adibidez; hemen bizi den senide bati sorpresa emateko. Eta Txiletik ere bai, Orbeara (Mallabia) eramateko. Kantabriara, Extremadurara edo Kordobara ere bidali ditugu. Eta Madrilera tokiko produktuekin osaturiko otzara asko bidali dugu. Avilara carrot cake bat bidali genuen; beldur nintzen baina ondo ailegatu zen. Getxoko folk eta jazz jaialdietan ere lan egin dugu. Anita Parker eta Doctor Deseoren kontzerturako cateringa egin genuen. Ondoren, ahorik ahokoari eskerrak hainbat artistagaz lan egin dugu: Amaia Romerogaz, Alvaro Solerregaz eta Rigoberta Bandinigaz.