Demografiaren bilakaera

“Hasieran ez nekien lan kontratua izatea nire eskubide bat zela; niri egiten zidaten mesede modura ikusten nuen"

Joseba Derteano 2022ko abe. 9a, 09:00

2007an Boliviatik etorri zenetik zaintza lanean dabil Olga Claure Cardoso. Hasieran barne- eta kanpo-zaintzetan aritu zen. Azken urteetan nagusien egoitzetan dabil. 

Zelan hasi zinen zaintza lanetan hemen?
Dokumentaziorik barik etorri nintzen eta hiru urtean ezin izan nuen paperik lortu. Zaintza lana behar zuten familiek ez zuten eragozpenik ipintzen. Hasieran kontraturik barik ibili nintzen. "Guk behar zaitugu, baina zuk gehiago behar gaituzu", zen pentsaera. Helduberritan, etxerik barik, barne-zaintzan aritzea irtenbide bat zen, horrela etxe bat geneukalako bizitzeko. Pertsonalki, niretzat bokazioa da nagusiak zaintzea. Umetan birramama zaintzen nuen, baina ez behartuta, gustatzen zitzaidalako baino. Zaintzarena barrutik datorkidan kontua da. Beraz, hemen ez zitzaidan hainbeste kostatu. 

Zelako esperientziak izan dituzu hemen?
Esperientzia txarrak entzun izan ditut, baina ez da nire kasua. Zortea izan dut eta familiek ondo tratatu naute beti. Baina, bestalde, paperak lortu arte kontraturik barik ibili nintzen eta astelehenetik astelehenera lan egiten nuen, jaiegunik barik, kontratua egin ziezadaten. Alde horretatik, ez dut uste behar den moduan portatu zirenik nigaz. Hasieran ez nekien lan kontratua izatea nire eskubide bat zela; eurek niri egindako mesede modura ikusten nuen. Orain ez nuen onartuko, eta horrela jokatzeko aholkatzen diet denei. Zure lanari balioa kentzea da; barne-zaintzan zabiltzanean, zure bizitza osoa eskaintzen diozu lanari. Ez neukan astirik beste ezertarako. Gerora, beste hainbat etxetan lan egin nuen, askotan kanpo-zaintzaile modura, orduka. 

Sasoi hartan, zein izan zen unerik gatxena?
Erabaki gogor bat hartu behar nuen: diru apur bat lortu eta gero nire sorterrira bueltatu seme-alabengana edo hemen geratu, paperak lortzen borrokatu eta seme-alabak hona ekarri. Gau asko eman nuen ohean horretan pentsatzen. Azkenean geratzea erabaki nuen eta gaur egun seme-alaba bi hemen daude. 

Noiz eta zelan igaro zinen adinekoen egoitzetan lan egitera?
Geriatriaren inguruko ikastaro bat egin nuen. Beti gura izan dut nagusien egoitzaren batean lan egin, jende gehiagorengana heltzen zarelako eta nik bihotzetik egiten dudan lana delako. Hainbat egoitzatan nabil. Ekonomikoki igarri dut aldea, orain apur bat gehiago irabazten dut eta. Baina, batez ere, bizitza kalitatean igarri dut aldea, orain seme-alabekin egoteko denbora gehiago dut eta. Sektore honetan, unerik gogorrena lan erreformagaz etorri zen. Hiru urtetik behera genbiltzanok lan barik geratu ginen momentu hartan. Une gogorra izan zen denontzat. Gerora, beste toki batzuetan ibili naiz. Ekainetik Jose Miguel Barandiaran egoitzan nabil eta oso pozik nago bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!