Demografiaren bilakaera

Durangaldeko biztanleria %12,24 hazi da azken hogei urtean

Anboto 2022ko abe. 9a, 09:00

EITBk eta TOKIKOM komunikabideen sareak sinaturiko lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen proiektua. Eta elkarlan honen lehenengo emaitza erreportaje hau da: Hego Euskal Herriko demografia jorratzen duen albistea. 

Azken hogei urteotako bilakaera demografikoa oinarri hartuta, datu kazetaritzan sakontzea da helburua. Horretarako, Durangaldeko azken bi hamarkadetako herrietako datu demografikoak aztertzeaz gainera, bilakaera horrek duen hainbat ertz azaleratzea da asmoa. Hego Euskal Herrian biztanleria handitu egin da azken 20 urteotan; hau da, 2021ean 2001ean baino jende gehiago bizi da, %8,3 gehiago. Durangaldean ere hazkunde garrantzitsua egon da, %12,24koa. 2001ean 71.711 biztanle zeuden eskualdean, eta 2021ean 80.493 daude. Durangaldeko hazkunderik handiena 2007an eta 2008an egon zen, populazioaren %1,64ko eta %1,33ko gorakadagaz, hurrenez hurren. 2014an eta 2021ean, ostera, desazkundea egon zen. Urte bietan %0,28ko beherakada. 

Herrika, Atxondo eta Iurreta dira demografikoki beherantza egin duten herri bakarrak. Iurretak 4.213 biztanle zituen 2001ean, eta 3.639 (%13,93 gutxiago) 2021ean. Atxondoren kasuan, 2001ean 1.410 herritar zeuden erroldatuta, eta 2021ean 1.373 (%2,63 gutxiago). Beste herri guztietan, biztanle kopuruaren hazkundea nabarmena izan da: Abadiñon %12,24, Berrizen %7,07, Durangon %16,49, Elorrion %6,07, Garain %27,09, Izurtzan %3,67, Mallabian %3,87, Mañarian %9,78, Otxandion %26,14, Zaldibarren %9,57 eta Zornotzan %17,52. 

Pertsonen mugimendua
Jaiotzak beherantza badoaz, zelan da posible hazkunde demografiko hau gertatzea? Balantze negatiboa pertsonen mugimenduak irauli du. Biztanleriaren mugimenduaz ari garenean, zenbait fenomeno kontuan izan behar dira: barne migrazioa (autonomia erkidego bereko udalerri batetik bestera zein autonomia erkidego batetik bestera:  EAE-Nafarroa), estatu barruko migrazioa (Espainiako Estatuaren barruko beste herri batetik) eta kanpo migrazioa (Espainiako Estatutik kanpoko herrialde batetik etorritakoak). 

Zahartzen gabiltza
Gizartea zahartzen dabilela da datu demografikoen ondorietariko bat. 2001ean 60 urtetik gorako 16.035 pertsona bizi ziren Durangaldean, eta 2021ean 23.207. Hamarkada bitan %44,72 hazi da adin tarte horretako biztanleen kopurua. Ez da berria biztanleria zahartzen dabilela, eta Durangaldea ez da salbuespena. Baina paradigma aldaketa horrek eragina du hainbat arlotan; tartean, zaintzan. 

Pertsona nagusiak artatzeari dagokionez, datuek argi erakusten dute zaintza parekidetasuna oso urrun dagoela. Lan sektore legez, arlo prekarizatua izaten jarraitzen du. 2019ko datuen arabera, 630.000 etxeko langile zeuden estatuan, %95 emakumeak. Horietatik %42, etorkinak. Generoaren araberako arrakala icebergaren tontorra baino ez da, eta zaintza desoreka horren erdigunean dago. Zaintzan dabiltzan egoitzetako beharginak ere urteak daramatzate lan baldintza duinak eskatzen.

Geroago eta zerbitzu gehiago beharko da zahartzen dabilen gizartearen beharrizanei erantzuteko. Aste honetan bertan Sergio Murillo BFAko Gizarte Ekintzarako diputatuak Bizkaia Irratian aurreratu duenez, Aldundiak nagusien egoitza berri bat egingo du Durangaldean. Egoitza hori non egin baloratzen dabiltza oraindino, baina Abadiñon edo Iurretan izango da. 

Familia zaintzaile
Emakumeak dira zaintza lanak egiten dituztenak. Mendekotasuna duten pertsonen kasuan, familiak zaintza hori bere gain hartzen duenean zaintzaileen profila oso zehatza da eta urteen joan-etorriagaz ez da aldatu. Esther Alonso Mankomunitateko Zaindu programaren arduraduna da. Egitasmo horren helburua zaintzaileei zerbitzua eskaintzea da. Izan ere, nork zaintzen du zaintzailea? “Urteak daramatzagu zerbitzu hau eskaintzen eta profila ez da aldatzen. Egoera hau azaleratzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Bestalde, zaintza lanak modu positibo batean baloratu gura ditugu”, azaldu du Alonsok. Ildo horretatik, zaintza lanak beharrezkoak dira gizartean, baina ezin da izan emakumeen gain dagoen ardura. Zaintza gizarte osoak hartu beharko luke bere gain. Emakumeak zaintzaile diren eredua oso injustua da”, azaldu du Alonsok.

Zaintza komunitarioa
Familia askorentzat gatxa izaten da pertsona nagusien zaintza kudeatzea. Egoitz Zabala Sagarna durangarra Aita Meniko zaintzarako arreta arduraduna da. "Zaintzeko era asko aldatu da. Orain 20 urte gure aitita-amamak etxean geratzen ziren. Batez ere, emakumeak izan dira pertsona horien zaintzaileak. Azken urteetan beste bide batzuk joan dira zabaltzen. Aukeretariko bat pertsona horiek egoitzetara eramatea da. Familientzat ez da erraza. Egoitzekin estigma bat egon da, baina geroago eta gehiago ezagutzen ditugu eta estigma hori badoa kentzen. Gainera, egoitzetan dauden profesionalak oso profesional onak dira", azaldu du Zabalak. 

Batzuetan, familiak dira bakarrik bizi ezin den pertsona egoitza batera eramatea erabakitzen dutenak. "Geroago eta kasu gehiago ikusten dugu erresidentziara joan gura dutela dioten pertsona nagusiak. Gauzak ondo egiten diren seinale", adierazi du Zabalak. Etorkizunera begira, argi du zein izango den egoitza eredua: "Etxe giroko egoitza txikiak sortzea da etorkizuna. Zaintzak geroago eta garrantzi handiagoa izango du gizartean. Geure artean zaintzeko ohitura hartu behar dugu, zaintza komunitarioa. Pandemian asko ikusi da, eta gehiago elkar zaindu genuen eta gehiago elkar ezagutu genuen. 92 urteko bizilagun bat dugu gure etxe blokean. Ez dugu zaintzen, baina beragaz arduratzen gara. Eta bera gugaz ere bai". 

Durango 30.000 biztanlera heltzen dabil eta Zornotzak 20.000ko langa gaindituko du laster 

Durango eta Zornotza dira eskualdeko biztanleria gune jendetsuenak. Durangok laster pasatu dezake 30.000 biztanleen langa, eta Zornotzak 20.000 biztanleena.

Durangori gutxi falta zaio 30.000 biztanle izatera heltzeko. INEren datuen arabera, 2021. urtearen hasieran 29.935 biztanle zituen. Gislan enpresak Durangoko Udalarentzat egindako ikerketa baten arabera, Durangok %21,7ko biztanleria hazkundea izan du azken bi hamarkadetan. Epealdi horren barruan jaiotako durangarrak epealdi berean hil direnak baino mila inguru gehiago izan dira. Horregaz batera, denbora tarte horretan Durangora bizitzera etorri direnak herritik kanpora joan direnak baino 4.500 inguru gehiago izan dira. Ildo horretan, hurrengo 15 urteetan dinamika demografikoak mantentzen badira, Durangoko biztanleria  %8,5 haziko dela eta 32.300 biztanlera helduko dela aurreikusi dute. Datu hori aintzat hartuta, etorkizuneko etxebizitza politikak egitea da asmoa. Gislan kooperatibako Julen Landaren esanetan, Durangaldea eta Durango biztanleria hartzen ari dira. Gaur egungo Euskal Herriko geografia sozioekonomikoan kokagune garrantzitsua da Durangaldea. "Durangoko kasuan hain zuzen ere, beste udalerrietatik datorren presioa aintzat hartu barik ere, bertako bizikidetza-unitateen kopuruak gora egingo du biztanleria hazten eta bizikidetza-unitateen tamaina txikitzen doan neurrian. Horrek etxebizitza parkearen gaineko presioa eta etxebizitza beharrari loturiko problematikak areagotuko ditu ezinbestean", gaineratu du Landak.

Zornotzaren kasuan, INEren 2021 hasierako datuen arabera, 19.576 biztanle zituen. Laster pasatuko du 20.000 biztanleko langa. Uztaileko Plan Orokor berrian 1.449 etxebizitza gehiago eraikitzea aurreikusi zuten. Beraz, etxebizitza gehiago eraikita, posible da zenbaki hori laster gainditzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!