ARGINDARRA

“Hile amaierara ailegatu eta negozioa ez zarratzeko borroka konstantea da hau”

Anboto 2022ko aza. 25a, 11:30

Rosi Navarrok okindegia zarratu behar izan du argindarraren prezioagaitik. Ezin izan dio labeek kontsumitutako energiaren prezioari aurre egin. Orain, Zaldibarko Zubizarreta ogi-lantokian topatu du lana. Alde biek, bai Navarrok eta bai Iban Zubizarretaren lantegiak, indarrak batu dituzte ataka larri honen aurrean. Navarrok enplegua mantendu du Zubizarretari eskerrak, eta Zubizarretak negozio lerro berri bat sortu du Navarrori eskerrak: gozogintza. 

Rosi, zerk eraman zintuen Durangon zeneukan okindegia zarratzera?
Lehengaien prezioak eta argindarraren gorakadak. Baina, funtsean, argindarrak. Faktura hirukoiztu egin zitzaigun. Egoera horretan, negozioa ez zen bideragarria. Ezin izan genion aurre egin.

Zelako fakturak ziren?
Orain urtebete, 900tik 1.200 eurora artean pagatzen genuen argia. Baina negozioaren azken zatian, 2.500etik 4.000 eurora artean ordaintzen genuen.

Noiz esan zenuen: “Kito, honaino heldu naiz”?
Abuztuan. Uda sasoia, uztaila eta abuztua, izugarriak izan ziren. Zerbitzu minimoa eskaintzen genuen, labeak hiru orduan piztuta. Galerak izaten hasi ginen. 

Eta, halako batean, beste lanpostu bat lortu zenuen.
Bai. Lehenagotik ere banuen hartu-emana Zubizarreta okindegiko kideekin. Hemen lan egin nuen. Komentatu zidaten, gura banuen banuela berriro ere lan egiteko aukera. Durangoko lantegian lau behargin geunden eta horietariko bi hemen gaude orain, Zaldibarren. Gure bezeroak erakarri ditugu. Gure etorrera laguntzatxo bat da enpresarentzat. 

Iban, zelan eragiten dizue argindarrak enpresan?
Denok gaude berdin. Saldu arren eta produktu eskaintza zabaldu arren, hile amaieran parra egitea lortzen dugu. Horri gehitu labe-txandaren batek oker irteten duela edo matxuraren bat dagoela. Hor galerak izango zenituzke. 

Zenbat denboran eutsi ahalko diozue erritmo honi?
Hile amaierara ailegatu eta negozioa ez zarratzeko borroka konstantea da hau. Lan-karga gehiago hartuta, produktuak dibertsifikatzen gabiltza bezero gehiagorengana ailegatzeko. Orain, Rosiri eskerrak, gozogintza ere lantzen dugu. Lehen ez geneukan zerbait da .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!