'Plateruena ta gero zer?' dinamikak amaitutzat eman du bere ibilbidea

Anboto 2022ko aza. 21a, 11:32

Artxiboko irudia.

Dinamikak bere ibilbidea sentsazio "gazi-gozoarekin" amaitu duela azpimarratu du. "Oraintsu jakin dugu zelakoa izango den Plateruena berria. Udalak baditu kudeaketa eredu bat eta proiektu bat. Gure proiektuaren gidalerro nagusienetako asko barnebiltzen baditu ere, ez da Plateruena ta gero zer? dinamikatik ondutako proiektua gauzatuko", azaldu dute ohar baten bidez. Durangoko Udalak "urtea amaitu aurretik" ireki gura du Plateruena. 

"Proiektu parte hartzailea izango dela azaldu digute, eta gonbidapena luzatu digute pare bat ordezkarirekin proiektu berrian parte hartzeko. Alde batetik, lerro nagusiak konpartitzen baditugu ere, zehaztasunean sartuta zalantza ugari sortu dizkigu; eta, bestetik, ibilbide bat amaitu dela eta dinamikaren izenean jarduten jarraitzeak ez duela zentzurik uste dugu".

2021ko ekainean egin zuen publiko bere proposamena Plateruena ta gero zer? dinamikak. Eta ordutik, udalarekin batzartu direla bertako kideak ere. "Uste dugu egindako lanak bere fruituak eman dituela, eragina izango duela Plateruena berrian, nahiz eta gure kudeaketa proposamena baztertua izan den. Baina, uste dugu erabakiak lehenago hartu zitezkeela, eta bidean indar eta ilusio asko galdu direla".

Oharraren amaieran eskerrak eman gura izan dizkiete proposamena osatzeko laguntza eskaini duten guztiei. "Zorte ona opa diogu Plateruena berriari, espero dugu euskal kultura sustatzeko lekua izatea, komunitate bat sortzeko gaitasuna edukitzea eta gune euskalduna izatea. Guk, parte hartu edo ez, norbanako moduan, egingo dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!