EAJk "onartezina" deritzo kirol eskaintzaren kontratu berrian "zerbitzuak murriztu" eta "prezioak igotzeari"

Joseba Derteano 2020ko aza. 11a, 13:05

Joan zen ostiralean, Durango Kirolak-eko junta batzarrean kirol zerbitzuaren plegu berriak onartu ziren Gobernu Taldearen (EH Bildu eta Herriaren Eskubidea) aldeko botoekin, EAJk ohar batean informatu duenez. Jeltzaleak proposamenaren kontra agertu dira eta lizitazio berria Durangoko kirol eskaintzan "atzerapausoa" dela kritikatu dute.

Batetik, kirol-eskaintzan eskainitako ordu kopurua "nabarmen jaitsiko" dela diote; zehazki, %8.7 ordu gutxiago aurtengo urtearekin alderatuta, EAJren arabera.

Horrez gainera, kontratu berriak aurrekoak baino "askoz prezio unitario txikiagoa" du eta horrek zerbitzuaren kalitatea "arriskuan" jartzen du. "Proposatutako unitate-prezioak gaur egun indarrean dagoen kontratukoak baino %10 txikiagoak dira. Aitzitik, kontratu berrian ezarritako baldintzak egungoan baino zorrotzagoak dira, eta horrek ez du bideragarri egiten proposamena", salatu dute. Oro har, baldintza berriek "ezinezko" egingo dute zerbitzuaren egungo kalitateari eustea.

Prezio igoeren aurka

Era berean, datorren ekitaldirako planteatzen diren "prezioen igoeren guztiz aurka" daude jeltzaleak. "Onartezina iruditzen zaigu EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak zerbitzuaren kostua, orduak eta kalitatea murriztu nahi izatea, eta, aldi berean, prezio publikoak igotzea durangarrei", kritikatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!