Durango Kirol Taldeak antolatu duen aurtengo aldiak 12 talde batu ditu, iaz baino lau gehiago. Atleta kopuruari dagokionez, 176 gizonak izan dira eta 132 emakumeak.
Txapelketa Madrilgo Track Road taldeak irabazi du, Durango Kirol Taldea (DKT) bigarren geratu da eta Galiziako Sada atletismo klubak osatu du podiuma.
Denboraldia hasi berria denez, ez da ohikoa errekorrak edo marka azpimarragarriak ikustea, baina beti egoten da ezustekoren bat eta horren adibide da DKTren elastikoa defendatu duen Valvanera Guridi errioxarraren kasua. 200 metroko proban, Espainiako errekor berria ezarri du W60 kategorian: 30.25. Berea zuen aurreko marka xehatu egin du: 30.45.