Txibitenan jolasgune bat eraikitzeko lanak hasi dituzte

Anboto 2022ko urr. 26a, 11:41

Sasikoako jolasgunea ordezkatzeko lanak ere aste honetan hasiko dituzte.

Durangoko Udalak umeentzako jolasgune berri bat ipiniko du Txibitenan. 83.495 euro bideratuko ditu atontze lanetara. Modu horretan, Txibitenako txintxaunek Arripausuetakoa ordezkatuko dute. Sasikoan ere, antzera. Udalak lanei ekingo die asteon. Modulu berriak ipiniko dituzte han, orain arteko parkea ordezkatuta. Bestalde, Zabalarrako jolasgunean ere hainbat konponketa lan egingo dute. "Urte askoan mantenimendurik gabe egon ondoren, bi urtetan Otamotzena eta San Inazio parkeak amaitu ditugu, orain beste bi gune berrirekin hasi gara eta datozen hilabeteetan proiektu berriekin jarraituko dugu", azaldu dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek. 

Udalak azaldu duenez, jolasgune berri hauek bat egiten dute San Inazion abuztu bukaeran inauguratutako parkearekin, Otamotzenan egin beharreko lanekin eta Aurrekontu Partehartzaileetan bozkatuko diren etorkizuneko parkeekin. Horiekin guztiekin, "umeentzako aisialdirako guneak hobetu eta handitu" gura ditu udalak. Bestalde, San Inazioko txintxaunei aterpea ipintzeko proiektua dago. EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta PSEk 200.000 euroko diru poltsa adostu dute, etorkizunean San Inazioko parkea estaltzeko. Udal teknikariak pleguak lantzen dabiltza, lanak gero lizitaziora ateratzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!