Espazio publikoen "berreskurapena" eta politika sozialak, Durangoko udal aurrekontuen ardatzak

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 20a, 20:30

Udal gobernu taldeak PSE-EEren 11 emendakin sartu ditu 2022ko udal aurrekontuetan. Trukean, abstenitu egin da alderdi sozialista. EAJk kontrako botoa eman du.

Durangoko udalbatzak 2022ko udal aurrekontuak onartu ditu iluntze honetan. Iker Urkiza EH Bilduko zinegotziak "berreskurapenera" begirako aurrekontuak direla esan du, "espazio publikoen inbertsioetan, politika sozialean eta trantsizio ekologikoan" ardaztutakoak. Aurrekontuak EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen botoekin onartu dituzte, baina aldez aurretik PSE-EErekin akordioa itxita. Izan ere, alderdi sozialistak aurkeztutako 15 emendakinetatik 11 aurrekontuetan jasota geratu dira, eta Jesica Ruiz buru duen alderdiak abstentziora jo du, trukean. Udal gobernu taldeko ordezkariek honako proiektu hauek zerrendatu dituzte datorren urteari begira: Juan de Itziar eta Aramotz auzoetako gizarte etxeak birgaitzea, Madalenako eta Pinondoko parkeak berritzea, Andra Mariko elizpea berritzea, jolas parkeak berriztea, jolastu ahal izateko aterpe bat ipintzea edo Kapitanea baserria eta Murueta Etxea birgaitzea. Arlo sozialari begira LGTBfobiaren kontrako plan estrategikoa sortzea, enplegurako diru laguntzen partida handitzea edo energia berriztagarriei begirako neurriak aipatu dituzte. Proiektu horiek eta gehiago kudeatzeko 38.711.000 eurotik gora izango dute. Aurtekon aurrekontua baino %14 gehiago.

PSE-EEren abstentzioa, emendakinen truke

Esan bezala, alderdi sozialista abstenitu egin da. Jesica Ruizek esan du ez direla bere alderdiaren aurrekontuak, baina PSE-EEren emendakinik gehienak islatuta gelditu direla eta, akordioa itxi du gobernu taldearekin. Honako hauek dira alderdi sozialistak aurrekontuei egindako ekarpenetako batzuk: datorren urtean izotz pista ipintzeko konpromisoa hartzea, aurrekontuaren soberakinarekin Garai jauregia eta Kapitanea baserria birgaitzea, jolasgune bat estaltzea eta Pinondoko zein Intxaurrondoko inguruak hobetzea. Dena dela, Ruizek esan du bestelako eskari batzuek ez dutela islarik izan. Urki-Hegoalde saihesbidea eta Eguzkitzako industrialdea garatzeak, adibidez.

EAJk, kontra

EAJk, berriz, kontrako botoa eman du. Josune Escota ordezkariak "negoziatzeko intentziorik ez izatea" egotzi dio gobernu taldeari, eta, gaineratu du aurrekontuei bizkarra emateko arrazoiak hainbat diren arren, bat dela "nagusia": herritarrei aplikatzen zaizkien zerga zuzenen igoera. "Iaz, udalkutxatik jasotako dirua gutxitu zela eta, pandemiaren aitzakipean, zergak igotzea erabaki zen, eta badirudi neurri hori geratzeko etorri dela", kritikatu du ordezkari jeltzaleak. Udal gobernu taldeak eta EAJk akordioa itxi zuten iaz, baina ordu hartan hartutako konpromisoek "betetze maila eskasa" izan dutela iritzi dio. "Merkatu plazan egindako esfortzua minimoa izan da", kexatu da, adibidez. Bestalde, "irrigarritzat" jo du aurrekontu parte hartzaileetara bideratutako 100.000 euroak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!