Eguaztenean ekin zion bideari, goizaldeko hiruretan, eta egunero 100 bat kilometro egitea du helburu, datorren asteko eguaztenean Santiago de Compostelara heldu ahal izateko. Oraingoz, bide onetik doa asmoa; eguazteneko lehenengo etapan, esaterako, 105 kilometro egin zituen korrika eta oinez. Hamasei orduan gelditu barik aritu zen. Urkiola eta Santo Domingo de la Calzada lotu zituen. 95 kilometro egitea aurreikusita zuen eta hamar gehiago egin zituen. "Ahal dudanetan gehiago egiten ahalegintzen naiz, sekula ere ez dakizulako hurrengo egunean zer gertatu daitekeen. Euria egin dezake edo edozer ustegabeko gertatu daiteke", adierazi du Imazek.
Oraingoan, Durangon ospitale berri bat egiteko beharra da zabaldu gura duen mezua. "Ospitale bat behar da Durangoko osasungintza hobetzeko. Oso beharrezko ikusten dut eta mezu horri bultzada bat eman gura diogu", adierazi du. Erronka bat barik "misio" bat dela dio, eta elkartasun kontua barik "gizatasun" kontua.
Misioari 'Turkiolo bidea' izena ipini dio. Denbora eman du ibilbidea diseinatzen eta bideak bilatzen. "Urkiola Santiago de Compostelagaz lotzen duen bidea geuk asmaturikoa da. Aurrerantzean, gura duenak egin ahal izango du bide hori", adierazi du.
Mauri ez dago bakarrik. Joaquin Areso Durangon bizi den argentinarra beragaz doa eta karabana baten laguntza ere badu. Ondo bidean, urriaren 19an helduko dira helmugara.