Durangarrak San Fausto gosez zeuden. Ikustekoa izan da gaur arratsaldeko txupinazoak batu duen jendetza. Udaletxeko plaza lepo eta inguruko kaleak ere bai. Urte askoan Durangoko mugimendu sozialetan egindako lanagatik Marisa Barrenak Larruzeak eta Amparo Ereñaga Ertzillak irakurri dute jaietako pregoia eta eurek bota dute jaiei hasiera eman dien txupinazoa. Pantxikeri eta Patxikotxuri "ongietorria" emanez hasi dute pregoia.
Pandemiaren osteko lehenengo sanfaustoak direla gogoratu dute. "Lehorte luzearen ostean heldu zaizkigu jaiak, hau poza! Dantzatu eta kantatu, eztarriak urratu arte".
"Heldu da inkisizioak erre ez zituen alaben ordua. Inork ez zigun esan erraza izango zenik, ez horixe! Baina hementxe gaude feminista euskaltzaleok" aldarrikatuz jarraitu dute. "Urteetan berdintasunaren alde eta erasoen kontra borrokan dabiltzan andrak goraipatu eta omendu nahi ditugu gaur. Eskerrik asko bidelagun izan zareten feminista guztioi".
"Durango euskaldunagoaren alde lanean" diharduten "euskaltzale guzti-guztiak" gogoratu dituzte Barrenak eta Ereñagak. Horrekin batera, "beste herri batzuetatik, beste lurralde batzuetatik etorri direnekin" elkarbanatu nahi izan dute "momentu magiko" hori. "Eskerrik asko Durango, herrian hartzeagatik. Inor ez dadila ilegala izan herri honetan".
Folklorezaleei, dantzazaleei, kantuzaleei, antzerkizaleei eta bertsozaleei "agur bero bat" bidali diete: "Jarraitu sustraiak jagoten eta jaiak alaitzen". Gaur lanean etxeetan, egoitzetan, ospitaleetan eta kartzeletan daudenak ere gogoratu dituzte. "Mosu handi bana, bihotzez. Ea datorren urtean plaza honetan elkar ikusten dugun".
Pregoiaren ostean, txupina jaurti eta jai giroa lehertu da plazan zeuden herritarren artean.
Durangoko jaietako egitaraua LOTURA HONETAN