Durangoko jaiak

[ARGAZKI GALERIA] Bilgune Feministaren txupinazoagaz Durangoko txosnaguneak jaiak abiatu ditu

Anboto 2022ko urr. 11a, 21:11

Durangoko txosnek jaiak inauguratu dituzte Pantxikeren etorreragaz.

Hasi dira jaia, zalaparta eta umore ona. Durangoko txosnek jaiak inauguratu dituzte Pantxikeren etorreragaz. Mezu argia utzi du Bilgune Feministaren pregoiak: “Egoten ez badakizu, ez etorri”.

20:00ak pasatxo zirela abiatu da Pantxikeren kalejira Santa Ana plazatik. Jendea, gogotsu. Trikitalariak, mordo bat. Eta zelan ez, Geu Be elkarteko kideak, bikain. Urtero legez haiek izan dira Pantxike durangar guztien artetik paseatu eta txosnagunera eraman dutenak. Goienkalean, adibidez, jendetza batek egin dio ongietorria kalejirari. Taberna kanpoaldeak topera. Irribarreak zein algarak edonon. Bai, bai. Ez da dudarik geratu. Igarri da durangarrak zalapartarako gogotsu daudela bi urteko etena eta gero.

Behin Landako Gunearen ondoko txosnagunera ailegatuta, Durangoko Bilgune Feminista osatzen duten kideek “Egoten ez badakizu, ez etorri” zioen pankarta eskegi dute Landako Guneko atarietako batean. Sua, bengalak, eta bertan baturikoen txalo zaparrada. Elkarteak 20 urteko bidea bete du eta haiek izan dira txupina bota dutenak. 

Txosnetako eszenatoki nagusiaren aurrean, Pantxike. Ez inor zelatatzen. Herritarren berotasuna jasotzen baino. Eta halako batean, proiekzio bat. Bideo bat eszenatokian. Bilgune Feministak jai hauetarako osatutako pregoia: “Oso harro gaude eginiko ibilbideaz”, hasi dira. “Konbentzituta gaude herri mugimendua dela Euskal Herri feminista eraikitzeko tresna", gaineratu dute, eta herrian sorturiko DAFA Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada feminista eta gainerako plataformak aipatu dituzte.  “Asko dira egindako aurrerapausoak. Eraso matxisten kontrako borroka da egiten dugun lan agerikoena. Protokoloak, erasoei erantzutea, gaueko manifestazioak”. Amaiera urrun ikusi arren, argi dute bidea. Baita jai hauetan ere. Bilgune Feministak eta txosnaguneak ez dute eraso matxista, transmaribibollo eta arrazistarik onartuko.  Gizonezkoentzat ere mezu argia utzi dute: “Egoten ez badakizu, ez etorri”.

Bukaeran, Bilgune Feministako kideak oholtzara igo eta txosnaguneko txupina jaurti dute. Txalo zaparrada lehertu da plazan. Bihar gehiago, Patxikotxuren eta Pantxikeren beraren kalejira bateratuarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!