Durangoko jaiak

Animalien eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute Durangon

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 6a, 10:32

Durangaldea Antiespezista plataformak deituta 2019an egindako manifestazioa.

"Animalien eskubideak aldarrikatu gura ditugu, inoren esklabo, inoren erabilerarako izan ez daitezen. Durangoko Zezenak Dira esplotazio kasu bat da. Animalia bat erabiltzen da helburu zehatz baterako: herritarren dibertimendurako", adierazi dute manifestazioaren deitzaileek. Mobilizazioak udal plazatik irtengo du zapatuan, 12:30etan. 

Durangoko jaien atarian, Durangaldea Antiespezista plataformak animalien eskubideak aldarrikatzeko manifestaziora deitu du. Plataformako kideek zorrotz kritikatu dituzte Zezenak Dira bezalako egitasmoak. "Animalien eskubideak aldarrikatu gura ditugu, inoren esklabo, inoren erabilerarako izan ez daitezen. Durangoko Zezenak Dira esplotazio kasu bat da. Animalia bat erabiltzen da helburu zehatz baterako: herritarren dibertimendurako", adierazi dute. Baina plataformaren mezua ez da animalien erabilera ludikora mugatzen. Animalien kontsumoa, animalietatik eratorritako produktuen kontsumoa zein animalien erabilera orokorra errefusatu dute:  "Animalien erabileraren atzean espezismoa dago. Hori da erroa. Espezismoak animaliak objektu lez tratatzen ditu, gizakiok eta animaliak maila desberdinekoak bagina lez. Espezismoarekin bukatu behar dugu, arazoaren errora jota. Heziketa ezinbestekoa da horretarako", azaldu dute manifestazioaren deitzaileek. Alde horretatik "bizitza bakoitzak balio duen" mezua gizarteratu gura dute.

Manifestazioak Durangoko udal plazatik irtengo du zapatu honetan, 12:30etan. Durangaldea Antiespezistak antzerako manifestazio bat egin zuen 2019an

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!