Durangoko duatloi herrikoiak bere ohiko ibilbidea berreskuratuko du domekan

Joseba Derteano 2022ko urr. 1a, 10:20

Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko duatloi herrikoiaren 16. aldia antolatu du domekarako. Iaz, pandemiaren eraginez, Mugarrak antolatzen dituen ekimen nagusi biak —duatloi herrikoia eta federatua— egun berean bateratu zituzten. Ezkurdin hasi ziren biak. Aurten, berriro ohiko data eta lekuetara bueltatu dira. Duatloi federatua martxoan egin zuten, Ezkurdin. Bestalde, duatloi herrikoia etzi izango da, Santa Anako plaza erdigune dela. 

Umeetatik nagusietara, hainbat lasterketa izango da: haurrena, 10:30ean; haurrek nagusiekin batera egitekoa, 11:00etan; eta helduen proba, 12:00etan. Azken honetako distantziak honako hauek dira: 4 kilometro korrika, 13 bizikletan eta beste 2 korrika.  Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, 09:00etan hasita. Hiru euro da nagusientzat, eta euro bat umeentzat. 

Urri hasiera sasoi aproposa da duatloi herrikoia antolatzeko. Halaxe uste du behintzat MugarraTTko Txela Bereziartuak: "Beste kirol askotako denboraldiak hasi barik edo hasi berritan daude. Orduan duatloia probatzea erabakitzen dute, eta, diotenez, ez ei da dioten bezain gogorra". 

Europako txapelketa
Mugarrako kirolariak Europako txapelketan aritu direlako ere badira aktualitate. Bertan, Jone Aizpuruak eta Iker Iglesiasek zilarrezko domina irabazi dute Ironman erdian eta triatloi kros proban, hurrenez hurren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!