750 eguzki plaka ipiniko dituzte Durangoko udal eraikinetan

Anboto 2022ko ira. 15a, 15:24

Landako Eskolan, Landako II kiroldegian eta Ezkurdiko frontoian ipiniko dituzte. Lanak datorren urte hasieran egin gura dituzte. 

Landako II kiroldegian ipiniko dituzte eguzki plakarik gehienak, 586. Eraikinaren teilatuan ipiniko dituzte, modu horretan kiroldegiko kontsumo energetikoaren %23 energia berriztagarriz hornitzeko. Lan horiek 240.000 euroko inbertsioa izango dute. Landako Eskolan, berriz, beste 132 ipiniko dituzte. Ikastetxean kontsumitzen den energiaren %40 eguzki energiagaz hornituko dute. 55.000 euroko inbertsioa egingo dute han. Azkenik, Ezkurdiko frontoian ipiniko dituztenak daude. Joan zen astean udalak jakinarazi zuenez, 40 modulu instalatuko dituzte, frontoian kontsumitzen den energiaren %31 eguzki energiagaz hornitzeko.

"Trantsizio energetiko baterantz jo behar dugu, eta hori agerian geratzen da bizitzen ari garen uda honen ondoren. Energia berriztagarrien aldeko apustu garrantzitsua egingo dugu; hiru proiektu hauek aztarna energetikoa murrizteko bide baten hasiera izango dira”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. Proiektu hauek egin ahal izateko, Durangoko Udalak 232.000 euroko laguntza ekonomikoa jaso du Energiaren Euskal Erakundearen eskutik (EVE). Kopuru horrek aurreikusitako inbertsioaren %70 estaliko du. Lanak 2023aren hasieran egin gura dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!