Zerk eraman zaituzte beste pauso bat eman eta Abagune zabaltzera?
Idoia Gabantxo: Gure lana ezin erakutsi, ezin saldu egon gara, COVID-19aren eraginez. Ez da azokarik antolatu eta sarrera ekonomikorik barik geratu gara. Bada, jendeari etortzeko aukera emango dion gune bat sortzea erabaki dugu.
Eneko Unzalu: Dena dela, Abagune ez da denda bat, ez behintzat orokorrean ulertzen dugun lez. Gure artisau-lanen erakusleihoa da. Dena guk egindakoa da, eta bertan gustukorik edo ondo datorkizunik topatzen ez baduzu, zure premietara egokituriko bitxia edo arropa sortuko dugu.
Abagune izena ipini diozue.
I.G.: Bai, abagunek aukera esan gura du. Artisautzatik bizi gara, gure ofizioa dugu, eta, bat-batean, sostengu ekonomikorik barik geratu gara. Abagunek aukera bat izan gura du.
E.U: Lehengaitik hasita, hemen egindako bitxi edo jantziak erosteko aukera dute bezeroek, prezio duinean, esplotazio eta kutsadurarik barik. Denontzako aukera bat da, guretzat, bezeroentzat eta artisau-lanentzat.
Urteak daramatzazue artisautzan. Eskuz egindako lanari balio handiagoa ematen zaiola uste duzue?
I.G.: Ez, gutxiago baloratzen da. Artisau tailer askoren atzean ez dago ofiziorik, saltzen dutenari buruzko ezagutzarik ere ez dute. Neurri handi batean, denak balio du. Diseinu eta moda ikasketak ditut eta oihalen sektorean lan egin dut beti, orain hamar urte nire arropa marka sortu nuen arte. Arropa jasangarria egin gura izan dut beti, etika bategaz, eta emakumea esplotatu barik. Sektorean ez da baloratzen ez ofizioa, ez produktua, ezta atzean dagoena ere, eta ez nuen horren parte izan gura. Garai batean, jostundegiak zeuden, neurrira egindako arropak. Jantziak beste era batera baloratzen ziren. Orain, hiru euroan ditugu kamisetak; prezio horretan, oihalik ere ez daukat.
E.U.: 20 urte daramatzat zilarra lantzen, eta, ibilbide bat egin ondoren, baditut bezero batzuk. Baina, orokorrean, gizarteak ez du artisautza baloratzen. Baliteke artisauok ere lana ondo egin ez izana sektore modura. Ingurumena kutsatuz eta lau txakur txiki ordaindu dioten ume batek Indian egindako eraztun bat 20 euroan erosi genezake, baina hori ez da prezio erreala. Jantziak eta belarritakoak hilero aldatu gura ditugu, eta hori ez da jasangarria, ez ekologikoki ez ekonomikoki.
Utzi egingo duzue azoken zirkuitua?
I.G.: Ez, baina ikusiko dugu zelan berreskuratzen den hori guzti hori. Krisi baten aurrean gaudela diote eta orain ere igartzen da diru gutxiago dagoela artisautzarako.
E.U.: Artisautzatik bakarrik bizitzea gatxa da, eta gogorra azokarik azoka ibiltzea. Ez ditugu utziko, baina Abagune sustatu gura dugu.
Baduzue enkargu berezirik gogoan?
E.U.: Denak dira bereziak, bezeroentzat berezia den neurrian.
I.G.: Bezeroaren ilusio bat, haren nahia islatu behar dugu. Alde horretatik, bereziak eta politak dira denak. Emaitza ikusita, erreakzioa ikustea ere berezia da.
E. U.: Bai, barrua mugitzen du, gura duten hori islatzea askotan gatxa ere bada eta.
enekounzalu.com
gabrek.com