Durangon gazteak museora zelan erakarri aztertuko dute gazteen iritziak jasota

Joseba Derteano 2022ko eka. 29a, 14:24
Durangoko Udaleko Ander Alvarez, Durangoko Museoko Garazi Arrizabalaga, Mondragon Unibertsitateko Aiora Iturmendi, Maren Urresti eta Laura Olabarria, eta, Durangoko Udaleko Ane Abanzabalegi eta Julian Rios gaurko aurkezpenean.

Uztailaren 20an lanketa saio bat egingo da 18 eta 25 urte bitarteko pertsonentzat.

Durangoko Arte eta Historia museoak inoizko bisitari kopururik handiena jaso zuen iaz, baina ez zen izan 18 eta 25 urtera arteko gazteei eskerrak. Adin tarte horretan hutsune bat nabari da eta ez Durangoko museoan bakarrik, denetan baizik. Horrela, hutsune horren arrazoiak jakiteko eta egoerari buelta ematen hasteko ikerketa bat abiatuko dute Durangon.

Mondragon Unibertsitatean Lidergo, Ekintzaile eta Berrikuntzan Gradua ikasten ari diren eta OMMA gazte enpresaren parte diren hiru gaztek egingo dute ikerketa: Maren Urresti ondarroarrak, Laura Olabarria zarauztarrak eta Aiora Iturmendi ordiziarrak. Hirurek 20 eta 21 urte artean dituzte.

Lanketa saioa

Ikerketa burutzeko, uztailaren 20an lanketa saio bat egingo da 18 eta 25 urte bitarteko gazteekin. 10:00etatik 14:00etara hainbat ertzetatik landuko dute gaia. Han batutako informazioarekin eta ondorioekin txosten bat egingo dute, museoak garatu beharreko ekintza posibleak zehaztuz.

Lanketa saioan parte hartzeko interesa duten 18-25 urte arteko gazteek gaurtik  uztailaren 18ra zabalik dute izena emateko epea 618 21 33 23 telefonoan. "Durangoko gazteei eta inguruko herrietakoei ekimenean parte hartzeko gonbita egiten diegu", adierazi du Laura Olabarriak ekimenaren aurkezpenean. 

Honako hau ez da antzerako lanketa bat egiten duten lehenengo aldia. Aurretik, Donostiako San Telmo museoan egin zuten. "Eurekin hartuemanetan jarri ginen eta oso esperientzia positiboa izan zela eta ideia berritzaileak irten zirela esan ziguten", adierazi du Durangoko Museoko zuzendaria den Garazi Arrizabalagak.

Julian Rios alkateordeak ikerketaren balioa azpimarratu du. “Museoa gazteengana hurbildu nahi dugu eta horretan asko lagunduko digu ikerketa honek”, esan du. Udaleko Ane Abanzabalegik, berriz, gazteek gazteekin burutuko duten lanketa dela nabarmendu du. "Gazteak izango dira lanketaren protagonista. Gazteen begietatik ikusi eta aztertuko dute egoera".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!