June Arbeok seigarren amaitu du Espainiako txapelketan, 3.000 metroko oztopo proban

Anboto 2022ko eka. 28a, 13:15
June Arbeo 3.000 metroko oztopo probako saio batean (Artxiboko irudia).

Maila abasotuluan parte hartzen zuen lehenengo aldia dela kontuan hartuta, emaitzarekin pozik dago.

Joan zen asteburuan maila absolutuko Espainiako Atletismo Txapelketa lehiatu zuten Malagako Nerja herrian eta hantxe aritu zen June Arbeo. 3.000 metro oztopoetako finalera heldu eta seigarren tokian sailkatu zen. Bere denbora, honako hau: 10:00.65. Arbeo pozik dago lortutako markarekin nahiz postuarekin. "Aurten lehenengo bider aritu nahiz maila absolutuan eta estatuko atleten artean maila altua dudala erakutsi dut. Alde horretatik, pozik nago", adierazi du Alcampo Scorpio taldean dabilen durangarrak.

Probako aurreneko bi sailkatuek, Carolina Roblesek eta Irene Sanches-Escribanok, gaur egun beste guztien gainetik daudela erakutsi zuten. 15 segundotik gorako aldea atera zioten hirugarrenari. Baina hirugarrenetik seigarrenerako postuetan ez zegoen pronostiko argirik; denek antzerako denborak zituzten. "Beste mota bateko lasterketa bat izan balitz beharbada postu hobea lortzeko aukera izango nuen", dio Arbeok.

Lasterketa hasieran hartutako erabakian egon zen azken emaitzaren gakoa. "Lehenengo biak aurrera joan ziren eta beste bat euren atzetik irten zen. Momentu batean erabaki behar izan nuen neuk ere aurrera egin edo atzekoekin geratu. Azkenean, euren atzetik joatera erabaki nuen. Azken kilometroan hain erritmo arinean joatea ordaindu nuen eta atzetik zetozen korrikalari bik aurreratu egin ninduten. Hasieran indarrak kontrolatu banitu igual beste postu bat lortuko nuen, baina une horretan saiatzeko gogoa nuen eta aurrera egin behar nuela sentitu nuen", adierazi du Arbeok.

Aurrera begira, azkenean ez du Mediterraneoko Jokoetan parte hartuko, Espainiako federazioak atleta bi beharrean bakarra eramatea erabaki duelako. Bere hurrengo hitzordua Bartzelonako meeting-a izango da, datorren asteko martitzenean. Bertan Europako txapelketara sailkatzeko gutxieneko denbora lortzen saiatuko da, baina ez da erronka erraza, bere markarik onena (09:44.93) bost segundotan jaitsi beharko lukeelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!