Sinadura bilketa hasiko dute "GAS faltsua aplikatu eta semearengandik aldendutako" ama baten alde

Anboto 2022ko eka. 27a, 09:31

Andereak elkartearen berbetan, Inmaculada Fuentes gasteiztarrari "semearen zaintza kendu diote Gurasoen Alienazio Sindrome faltsua aplikatu ondoren". Hori salatzeko sinadura bilketa egingo dute eguenean, 18:30etan, Andre Marian. Fuentes bera bertan izango da.

Andereak elkarteak sinadura bilketa hasiko du "Gurasoen Alienazio Sindrome (GAS) faltsua aplikatu zaion eta minbizia duen semea ikusten uzten ez dioten ama baten alde. Emakumea Inmaculada Fuentes gasteiztarra da, eta Andereak elkartearen berbetan emakumeak "debekatuta du" umeagaz hartu emanetan ipintzea, "astean lau orduko bisita eskubidea aitortua" duen arren. Elkarteak azpimarratu duenez, "ama eta semea infernuko egoera pairatzen ari dira eta baita berarekin bizi den eta inoiz aitarekin bizi nahi izan ez zuen beste alaba ere". 

Inmaculada Fuentes Andre Marian egingo den elkarretaratzera joango da eguenean, 18:30etan. Bertan sinadurak batuko dituzte "bere eskubideak gauzatu daitezen eskatzeko". Andereak elkarteak laguntzera joateko deia egin die herritarrei. Ekitaldian ere gogoan izango dute Durangoko emakume batek lantoki zuen establezimenduan jasandako sexu erasoa. Baita emakumeen aurkako edozein motatako indarkeria, lesbofobia eta indarkeria matxista.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!