Durangoko negozio baten jabea atxilotu dute langile bati sexu erasoa egitea eta diru truke haurdun gelditzeko eskatzea leporatuta

Anboto 2022ko eka. 19a, 10:28

Durangon eta Portugaleten negozioak dituen gizonezkoarekin batera, haren emaztea atxilotu dute langilearen eskubideak urratzea leporatuta. Gainera, langile horri sexu erasoa egitea egotzi diote gizonari. Biktimak salatu du harekin haur bat edukitzeko eskatu ziola gizonak, diru truke.

Berri agentziek azaldu dutenez, ikerketa ekainaren hasieran jarri zen martxan. Emakume batek polizian salatu zuen urte bi zeramatzala lanean kontratu barik Durangoko negozio batean. Gaineratu zuenez, beste langile batzuk ere kontratu barik lan egin zuten bertan. Biktimak poliziari azaldu zionez,enpresaren jabearen etxean lo egiten zuen eta gau horietako batzuetan gizonak sexu erasoak egin zizkiola salatu zuen. Gainera, gizonak harekin ume bat izatearen truke 20.000 euro emango zizkiola proposatu ziola salatu zuen. Biktimak salatuko zuen beldurrez, gizonak dirua eskaini ziola gaineratu zuen biktimak, 5.000 euro hain zuzen.

 

Elkarretaratzea Durangon

Durangaldeko Itaiak elkarretaratzera deitu du, astelehenean, 19:30ean Ezkurdin. "Eraso hau emakume langileon bizitzak ezaugarritzen dituen indarkeria eta egiturazko pobreziaren adibide bat da", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!