Domekan Tolosaldeko T3T eta T2T lasterketak lehiatu zituzten eta azkenengo hori Oier Ariznabarretak irabazi zuen. Durangarrak hasiera batean bi orduz azpitik egiteko asmoa zuen proba, baina azkenean 2.06.34ko denborarekin helmugaratu da. "Asmoa beti da bi orduetatik jaistea, baina zaila dago. Gaur egun polita egin du hasiera batean, euriarekin eta nahiko fresko, baina bigarren zatian asko nabaritu da hezetasuna eta sargoria. Lokatza ere bazegoen, eta nahiko labainkorra zegoen jaitsieran. Azkeneko zatian ikusi dut bi orduetatik jaisteko nahiko zaila zegoela, baina oso pozik nago egindakoarekin", adierazi zion Ariznabarretak www.ataria.eus hedabideari, domekan bertan. Ibai Makazaga oriotarrak eta Unai Dorronsoro beasaindarrak osatu zuten podiuma.
2018an Tolasaldeko 3 Tontorrak irabazi zuen Ariznabarretak, 43 kilometroko lasterketa luzeagoa.
Oier Ariznabarreta podiumaren gorenean (Argazkia: Imanol Garcia Landa).