“Maratoiekin nuen arantza atera dut Tolosaldeko 3 Tontorrak proba irabazita”

Joseba Derteano 2018ko eka. 23a, 10:20

Distantzia laburragoetan lortu ditu garaipenik gehienak, baina joan zen asteburuan 43 kilometroko lasterketan nagusitu zen, hasieratik amaierara. Horrela, maratoi distantziagaz zuen zorra kitatu du Oier Ariznabarreta korrikalari durangarrak Tolosaldeko 3 Tontorrak lasterketa irabazita.

Lasterketa ia osoa bakarrik egin zenuen, ezta?
Lehenengo 500 metroetatik aurrera bakarrik joan nintzen. Bederatzigarren kilometroan, Ernio tontorrean, tarteko hemuga zegoen, 200 euroko diru sariagaz, eta handik lehenengo igarotzea nuen helburu. Ordutik aurrera indarrak dosifikatzen joan nintzen, lasterketa luzea zen eta.

Distantzia laburragoetako korrikalaria zara normalean. Garaipena maratoi distantzian lortu izanak balio erantsia du?
Bai. Betidanik lasterketa laburrak egin ditut, 10 edo 20 kilometrokoak. 25 kilometrotik aurrerakoak luze egiten zaizkit. Entrenamenduak ere ez ditut distantzia luzeetara bideratzen. Maratoiekin beti izan dut arantza hori eta erronka moduan neukan ondo egitea. Zegama-Aizkorri eta antzerakoak txarto atera izan zaizkit. Beraz, Tolasaldeko 3 Tontorrak proba irabazita, maratoiekin nuen arantza hori atera dut.

Zelan doa denboraldia eta zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Mendian beti egiten ditut Sarako eta Berako lasterketak. Hortik aurrera, ekainean eguraldi ona egiten hasten denez, utzi egiten diot korrika egiteari. Lasterketetan beharrean, bestelako ekintzak egiteko aprobetxatzen ditut asteburuak. Baina, aurten, begira zelako eguraldia dabilen egiten! Geratu barik nabil entrenatzen. Tolosaldeko probara gonbidatu nindutenean, gustura onartu nuen.

Beraz, azken asteetan eguraldi ona egin izan balu, ez zenuen Tolosaldeko proba irabaziko!
Ba, ez (barrez). Eguraldia ikusita, eta neskalaguna lanean ibilita, arratsaldetan hortxe ibiltzen naiz, korrika. Batzuk tabernara joaten dira, ni entrenatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!