Durangoko Udalak osasun publikoa hobetzeko konpromisoa betetzea eskatu dio Jaurlaritzari

Anboto 2022ko mai. 26a, 11:08

EAJk Gaitasun Handiko Osasun Zentroari buruzko mozioa aurkeztu du, Jaurlaritzak haren bideragarritasuna baloratu dezan eskatzeko. Gobernu taldeak beste mozio bat kontrajarri du eta horrek egin du aurrera.

Bi iritzi, bi mozio. Baina ardatza, bakarra: osasungintza publikoa. Asteon egindako osoko bilkuran, Durangoko zinegotziek udalerriko eta eskualdeko osasun zerbitzuei buruz eztabaidatu dute. EAJk mozio bat eraman du bertara. Duela aste batzuk aurkezturiko Gaitasun Handiko Osasun Zentroari buruzko mozioa. Testuagaz, gobernu taldea bultzatu gura izan dute proposamena Jaurlaritzari helaraztera, azken honek, "proiektuaren bideragarritasuna" ebatzi dezan. Baina gobernu taldeko alderdiek beste mozio bat kontrajarri dute. 24 orduko pediatria zerbitzua, medikalizatutako anbulantzia bat, Lehen Mailako Arreta hobetzea eta ospitale baten beharrizana aztertzea eskatu dute berta. Azken testu honek egin du aurrera gobernu taldeko zinegotzien botoekin.

"Erantzunkizun eza"

EAJk adierazi du "zentzubakoa" dela gobernu taldearen jarrera. Osasun arretari buruzko mozio alternatibo bat aurkeztuta gobernu taldea "arreta desbideratzen saiatzen" dabilela dio, hain zuzen ere, "PERIaz eta Garraio Sailagaz lotu duten aurreakordioaz berba egitea saihesteko". Jeltzaleen iritziz, gobernu taldeak herritarrekiko "erantzunkizun eza" adierazi du, "Durangorako kaltegarria den akordiorako oinarri batekin aurrera jarraitzeko".

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak Durangoko eta eskualdeko osasun zerbitzuak hobetzeko konpromisoa bete dezan eskatu diote Jaurlaritzari. Ildo horretatik, alderdi biek gogora ekarri dute legebiltzarrak Durangaldeko osasun zerbitzuen diagnostikoa egiteko hartu zuen konpromisoa. "Jaurlaritzak Durangon eskualde ospitale  bat eraikitzeko beharra antzemango balu", udalak "baliabide guztiak" eskainiko lituzkeela aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!