Durangon lurpeko zaborrontziek ez dute funtzionatu. "Etengabeko arazoak" sortzen zituztenez erabilera barik utzi zituzten 2020an, udal arduradunek bere sasoian azaldu zutenez. Lurpekoak ohiko zaborrontziengatik edo edukiontzi mugikorrengatik –Alde Zaharraren kasuan– ordezkatu zituzten.
Harrezkero, espazio horiek zelan berreskuratu aztertzen aritu dira, gunez gune. Guztira, zortzi gune dira: San Fauston bi, eta, Sanagustinalden, Zumalakarregin, Monago Torren, Kanpatorrostetan, Komentukalen eta Sasikoan bana.
Zulo bakoitzak 16 metro kubiko ditu gutxi gorabehera eta gune bakoitza berreskuratzeko batezbesteko inbertsioa 16.000 euro ingurukoa da, udaleko iturrien arabera.
Gune bakoitzean lan nagusi bi daude: zuloa iztea eta gainaldea berreskuratzea. Lur azpikoak lur begetalez eta harriz estaltzen edo zigilatzen dira, gainazalak izango duen erabilpenaren arabera. Eta estalkia lauzatu egiten da kaleko lauza berdinekin.
Gaineko aldean sortzen den espazioei dagokionez, gune bakoitzeko ezaugarrien eta kokapenaren arabera erabaki dute zer egin. Horrela, Sasikoaren kasuan, eserlekuak eta berdeguneak jarri dituzte, adinekoen auzo bat delako, udaleko iturrien esanetan. Kapatorrostetan ere atsedenerako gune bat egin dute egurrezko hiru eserlekurekin. Sanagustinalden, aldiz, udaltzaingoen auto elektrikoak kargatzeko gune bat egin dute.
Sanagustinaldeko lanak amaituta eta Sasikoa, Komentukale eta Kanpatorrostetakoak amaituta edo amaitzear daude. Ostean, Zumalakarregi, Monago Torre eta San Faustoko guneen txanda izango da.
Kanpatorrostetan zuloak zigilatu eta jardinerak jarri dituzte.
Sanagustinalden udaltzainen autoentzat aparkaleku elektrikoak jarri dituzte.
Komentukalen atsedengune bat egin dute.