Durango-Durango Klasikoak Annemiek Van Vleuten eta beste izar batzuk batuko ditu martitzenean

Joseba Derteano 2022ko mai. 12a, 12:18
Artxiboko irudia.

Maiatzaren 17an, Durango-Durango Emakumeen Laboral Kutxa Saria lehiatuko dute Durangaldeko errepideetan. Proba 15:00etan hasiko da, Ezkurdin.

Parte hartuko duten 23 taldeetatik zazpi World Tour mailakoak dira eta gainerakoak UCI Team mailakoak. Azken horien artean Bizkaia-Durango dago. Eskualdeko taldeak lasterketaz beteta du maiatza. Valentziako Itzulian eta Eibarko Sari Nagusian aritu eta gero, bihar Itzulia Women lasterketa hasiko du, Durangoko Klasikoan parte hartu aurretik. 

Goi mailako txirrindulariek parte hartuko dute Durangon. Esaterako, orain gutxi Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa irabazi duen Annemiek Van Vleuten-ek. Ziklista herbeheretarrak birritan irabazita dauka Durangoko Klasikoa.

Aurten, 113 kilometroko ibilbidea "gogortu" gura izan dute Duranguesa elkarteko antolatzaileek, ohar batean azaldu dutenez. Horrela, Miotako itzuli bat Areitiorako igoeragaitik ordezkatu dute. Aldaketa horregaz, lasterketa amaiera benetan exigentea izango da, txirrindulariek Areitio, Garai eta Momoitioko San Juan igoerak kateatuko dituzte eta. 

Amaierari dagokionez, iaz Urki kalean amaitu zen, baina aurten ohiko helmuga berreskuratuko dute, Ezkurdin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!