Emakumeen Itzuliko etapa bat Mallabian hasi eta amaituko da maiatzaren 14ko zapatuan

Joseba Derteano 2022ko mai. 9a, 08:39

Gizonen Itzuliko etapa amaiera bat hartu eta hilabetera, Mallabia Itzuliko protagonista bihurtuko da berriro ere. Kasu honetan, emakumeen Itzuliko etapa bategaitik. Maiatzaren 14an, Mallabian hasi eta amaituko da UCI World Tour mailakoa den etapa. 

Mallabikoa Itzuliko bigarren etapa izango da. Lasterketa udaletxe parean hasiko da, 10:00 inguruan, eta 117 kilometroko ibilbidean bost mendate puntuagarri igaroko dituzte: Areitio, Muniketa, Milloi, Trabakua eta Karabieta. Azken hori lehenengo mailako mendatea da.

Etapa amaiera ere aldats gora da. Elizalde Plazatik sartu, harbidea hartu eta eliza ondotik igoko dira. Errepide nagusira heltzen direnean amaituko da etapa, jubilatuen taberna ondoan. 13:15 edo 13:30 inguruan helduko dira. Gizonen lasterketa gorago amaitu zen, San Pedro ermitaren ondoan, baina emakumeen taldeetako zuzendariekin kontsultatu eta gero, etapa amaiera haraino ez luzatzea erabaki dute. Podiuma etapa amaitzen den tokian egongo da, ondoko aparkalekuan. 

Orain hilabete gertatu zen moduan, etaparen hasieran eta amaieran trafikoa moztuko dute. Bestalde, txirrindularitza taldeek Areitiotik Mallabirako jaitsieran utziko dituzte euren kamioiak.

Mallabiko 'horma'
Udal arduradunek gizonen etapan sortu zen giroa errepikatzea itxaroten dute. Orduko etapa amaierak Mallabiaren izena lau haizetara zabaltzeko balio izan zuen, Igor Agirre alkatearen esanetan. "Orain zikloturistak sarritan etortzen dira Mallabira, batzuetan taldean, eta Mallabiko 'horma' non dagoen galdetzen dute. Kalbario kaletik gorako bidea esan gura dute. Herria ezagutarazteko balio izan du. Antolakuntza ere oso ondo irten zen. Alde horretatik, oso pozik gaude", azaldu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!