Durango Kirol Taldeak mailari eusteko puntuak batzea du helburu Durangoko jardunaldian

Anboto 2022ko mai. 12a, 10:10
Julian Rios Durangoko alkateordea, Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentea, Eneko Lanbarri DKTko atleta eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea gaurko aurkezpenean.

Atletismoko Lehenengo Mailako lau talde Durangoko atletismo pistan lehiatuko dira, zapatuan.

Atletismoko Lehenengo Mailari eustea garesti dago eta erronka oraindino handiagoa da talde igo berria bazara. Horixe da Durango Kirol Taldeko gizonen kasua. Lehenengo jardunaldian txukun aritu ziren eta beste hainbeste behar dute bigarrenean. Erronkari etxean egingo diote aurre, zapatuan, 16.00etatik aurrera.

Eurekin batera, Hospitalet, Algeciras eta Irungo Super Amara Bat dira Durangon arituko diren beste taldeak. Aurkari indartsuak dira. Dena normal badoa, Hospitalet eta Algecirasen artean dago jardunaldiko txapelduna. DKTren helburua Super Amara Bat taldearen aurretik geratzea eta mailari eusteko ahalik puntu gehien batzea dira.

Errekor posibleak

Taldeari laguntzeaz batera, hainbat atletek errekor indibidualak ere bilatuko dituzte. Bidasoako Iker Arotzenak luzera-jauziko Euskadiko errekorra berdindu zuen joan zen asteburuan. Lortuko ote du Durangon marka hori hobetzea? Bestalde, DKTko Markel Fernandez sopelarra Euskadiko 400 metroko probako errekorra hobetzetik oso gertu dago 20 urtez azpiko mailan. Eta Paul Ubiernak Bizkaiko errekor bat apurtu dezake, 1973koa; hesidun 110 metroko lasterketakoa, hain zuzen ere. Eneko Lanbarri 400 metrotan arituko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!