Bidezabalen eta DKTren helburuek bizirik jarraitzen dute lehenengo jardunaldiaren ostean

Anboto 2022ko mai. 2a, 12:39
Bidezabaleko emakumeen taldea.

Talde biek falta zitzaizkien atleten hutsuneei aurre egin behar izan zieten.

Taldeka, Espainiako Lehenengo Mailako atletismo txapelketa hasi dute asteburuan. Kategoria horren gainetik Ohorezko Maila bakarrik dago. Eskualdeak talde bi ditu Lehenengo Mailan: Bidezabal emakumeetan eta DKT gizonetan.

Mailaz igo gura duen Bidezabalek Durangon lehiatu zuen, beste hiru taldegaz batera. Bigarren geratzea nahi eta hirugarren izan ziren. “Gure atleta batzuek ezin izan zuten lehiatu lesioengatik eta horrek emaitzean eragin zuen”, azaldu dute ohar batean. Hala ere, bigarrena gertu geratu zen eta horrek “esperantza” ematen die bigarren jardunaldiari begira.

Ane Barcenak, Ainhoa Idoiagak, Zuriñe Celisek, Cristina Teixeirak eta Leire Gorritxategik euren probak irabazi zituzten.

Durango Kirol Taldea

Durango Kirol Taldeak Huescan lehiatu zuen. Hauek ere hirugarren tokian sailkatu ziren, baina kasu honetan emaitza positiboagoa da mailari eustea dutelako helburu.

Aipatzekoa da, besteak beste, 4X400 proban eskuratutako garaipena: 3.17.22. Urteko bosgarren denborarik onena lortu zuten Eneko Lanbarri, Asier del Arco, Momo Bougrine eta Markel Fernandezek.

Bigarren jardunaldia Durangoko atletismo pistan izango da maiatzaren 14an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!