Durangaldeko Ahal Dugu: "EAJk proposaturiko osasun zentroak arrazoia genuela erakutsi du"

Anboto 2022ko mai. 10a, 11:03

"EAJk populistak ginela esan ondoren, orain, oportunismo-ekintza batean, eskari hori indarra hartzen ari dela ikusita, trenaren lurretan osasun-zentro bat eraiki gura duela iragarri du", kritikatu du talde moreak.

Durangoko EAJk joan zen astean egindako proposamena zeresana ematen hasi da. Ahal Duguk dio jeltzaleen proposamenak arrazoia eman diela, talde moreak "hasieratik" jaso izan duelako "eskualdeko ospitalearen eskaera historikoa". "EAJk populistak ginela esan zuen", kritikatu du Ahal Duguk. "Behin eta berriz ospitale baten beharra ukatu eta hori lortzeko borrokan ari zirenei populista deitu ondoren, orain, oportunismo ekintza abatean, eskari hori indarra hartzen ari dela ikusita, trenaren lurretan osasun-zentro bat eraiki nahi dutela iragarri dute", gaineratu dute. "EAJren ustekabeko bira horrek erakutsi du arrazoia genuela", adierazi du Ahal Duguk.

Talde morearen kritikak, baina, ez dira hor bukatu. Ahal Duguren iritziz, osasun-zentro hori PERIan kokatzeak "larriagotu" egingo luke ingurune horretako trafikoa. "Udalerriko toki horretan, trenbideak lurperatu eta trenbide-pasagunea kendu arren, ibilgailu asko ibiltzen da oraindik. Eskualdeko hainbat tokitako hamarnaka pertsona arreta jasotzera joanda, arazoa larriagotu egingo litzateke", argudiatu dute. 

Horrez gainera, eskualdeko osasun arreta "kritikoa" dela esan du Ahal Duguk. Lehen Mailako Arretan "saturazioa" dagoela esan du, "itxaron zerrenda luzeekin, arreta jasotzeko denborak luzatuz". Pediatria zerbitzuari buruz ere, beste horrenbeste adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!