Athleticen talde oroituenetako baten parte izan zen Anton Arieta-Araunabeña durangarra, 1964tik 1974ra bitartean. Iribar, Villar, Rojo, Sáez, Lasa... Izen handi horien artean egon zen bere anaia Enekogaz batera eta Arieta II.a lez ezagutzen zuten.
Antonek 358 bider defendatu zuen elastiko zuri-gorria hamar denboralditan zehar eta, guztira, 83 gol sartu zituen. Erdiko aurrelaria izan zen ia bere ibilbide osoan, Eneko anaiarekin —12 urte nagusiagoa zen— jokatutako 11 partidutan izan ezik. Anaia biei esker, Arieta abizena 23 denboralditan egon zen zale zuri-gorrien ahoan: Enekok debutatu zuen 1951tik Antonek bere azken partidua jokatu zuen 1974ra, hain zuzen.Ondoren, bere ibildeko azken urte biak, 1974tik 76ra, Herculesen eman zituen Antonek.
Errege Kopako lau final jokatu eta euretako bi irabazi zituen. Irabazitako final biak Santiago Bernabeun jokatu ziren, Elx-ren kontra 1969an, eta Castellonen aurka 1973an. Final bietan gola sartu zuen.
Zapatuan, Athleticek eta Valentziak San Mamesen jokatutako partiduaren aurretik minutu bateko isilunea gorde zuten eta jokalariek besoko beltza eraman zuten Arietaren omenez.
Durangoko Kulturalak omendu zuen
2014an Durangoko Kulturalak Anton Arieta omendu zuen eta ekimen horren harrira ANBOTOk aurrelari historikoa elkarrizketatu zuen. Bertan, bere ibilbidea errepasatu eta gaur eguneko futbolari buruz duen ikuspegia eman zuen.