Zelan hartu duzu omenaldia egiteko ideia?
Sorpresa handia izan da. 50 urteren ostean, imajinatu ezazu. Lehenik galdetu egin zidaten, eta nik baietz. Ez naiz horrelako gauzen oso zalea, baina beno. Aurrera joan da ideia, eta gutxi falta da dagoeneko.
Gazte hasi zinen Athleticen...
Patxi Garate zegoen bigarren entrenatzaile lanetan, eta gazte mailan hara eroan ninduen, 15 urtegaz. 18gaz lehen taldera pasatu nintzen.
Aurrelari postuan jokatzen zenuen.
Hasieran, aurrelari postuan; gero, eskumatik; eta, azkenean, zelai erdian, Villar eta Rojogaz batera.
Asko gogoratzen zara sasoi horretaz?
Ez uste asko arduratzen naizenik, sasoi hori pasatu zen. Batzuetan lagunekin-eta gogoratzen dugu, eta kito. Gauzak aldatu egiten dira.
Zure anaiagaz jokatu zenuen. Zerbait berezia izan zen, ezta?
Bai. Taxista neukan joan-etorria egiteko [barrez]. Anaiagaz beti eduki izan dut konfiantza oso handia, eta lasaitasuna ematen zidan.
Errege Kopa bi irabaztera heldu zinen, ezta?
Bai. Hamar urtean Errege Kopako lau final jokatu genituen; bi galdu genituen, eta beste biak irabazi. Ez dago txarto! Lehen gaitza zen, baina orain geroz eta zailagoa da. Taldeek atzerritarrak ekartzen dituzte, eta Athleticen hemengoak gara.
Beti esan izan da Athletic Errege Kopako erregea izan dela. Izaera kontua da?
Akaso, Errege Koparako mentalitate handiagoa zeukan Ligarako baino. Baina orain gaitzagoa da. Lehen, txarto akordatzen ez banaiz, finalean atzerritar bi ipini ahal ziren gehienez.
Orain estadio berria dago; baina zelan gogoratzen duzu zaharra?
San Mames Barria ez dut ezagutzen, baina zaharra bihotzean daukat. San Mamesen entrenatzen hasi nintzenean 15 urte neuzkan, eta oroitzapen asko dauzkat. Han jokatzea etxean lez egotea zen, eta beti beteta egoten zen.
Baina urte batzuen ostean, taldetik irten behar izan zenuen, eta ez zure erabakiz.
Ez, ez, ez. Ez dakit nondik etorri zen kontua. Baina beno, Athletic ondo portatu zen nigaz. Hercules etorri zen, eta akordioari zegokion dirua niri eman zidaten. Hemen baino gehiago irabazten nuen, baina nik hemen geratu gura nuen. Batzuetan dirua ez da dena. Urte bi egin nituen han, eta gero Espainia hegoaldeko talde batek deitu zidan. Baina ezetz esan nuen, etxera bueltatuko nintzela. Hiru umegaz hara eta hona ibiltzea...
Historiak dio Herculesegaz gola sartu zenuela San Mamesen. Egia da?
Horrela da, bai. Arraroa izan zen.
Gaur egun asko eztabaidatzen da zein ote den munduko jokalaririk onena. Messi, Ronaldo... Zein izan da zuk ezagutu duzun futbolaririk onena?
Nire ustez, munduan egon den futbolaririk onena Alfredo Di Estefano izan da. Maradona eta Messi fenomeno batzuk dira, horregaz ados. Baina Di Estafanok futbola eraldatu zuen. Hemen oraindik zapatilen atzealdea zertarako zen ere ez genekienean, berak orpoagaz sartzen zituen golak.