Lehenengo Mailako atleta onenak Durangon batuko dira zapatuan

Anboto 2022ko api. 27a, 14:05

Ezkerrik hasita: Julian Rios Durangoko alkateordea, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea, Juan Ignacio Hernandez Bidezabaleko presidentea eta Cristina Petite Bidezabaleko kidea gaurko aurkezpenean.

Bidezabaleko emakumeen taldea da euretako bat; Ohorezko  Mailara itzultzea du helburu.

Bidezabal Atletismo Taldeak 40 urte betetzen ditu aurten eta Ohorezko Mailara igotzea erregalurik onena litzateke. Horretarako bidea etxean hasiko dute, zapatuan. Izan ere, Durangoko atletismo pistak lehenengo jardunaldiko saio bat hartuko du 17:00etatik aurrera.

Bidezabalegaz batera, emakumeen beste hiru talde batuko dira: Kantabriako Pielagos, C.A. Valladolid eta Aragoiko Hinaco Monzon. Bidezabalek lehenengo edo bigarren geratzea du helburu. Horren ostean bigarren jardunaldi bat egongo da maiatzaren 14an. Punturik gehien batzen dituztenak igoera fasera sailkatuko dira eta besteak jaitsiera fasera.

Bidezabalek hiru urte daramatza Lehenengo Mailan. Askoz gehiago eman ditu kategoriarik altuenean, Ohorezko Mailan: 25 urte, hain zuzen. Beraz, hara itzultzea dute helburu aurten. "Horixe da gure maila. Lehenengo Mailan gaudenean igotzeko eta Ohorezko Mailan gaudenean ez jaisteko borrokatzea", adierazi du Juan Ignacio Hernandez Bidezabaleko presidenteak ekimeneko aurkezpenean.

Beste batzuen artean, Judith Otazua gernikarra, Julene Bouzo ermuarra eta Zuriñe Celis trapagarra dira taldeko atleta indartsuenak eta punturik gehien batzeko ardura dutenak.

DKT-k mailari eustea helburu

Durango Kirol Taldea ere Lehenengo Mailan dabil, baina kasu honetan gizonetan. Iaz lortu zuten igoera eta aurten mailari eusteko borrokan ibiltzea dute helburu. Lehenengo jardunaldian Huescan lehiatuko dira, zapatuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!